Zumaia eta itsasoaren arteko harremana landu dute Herri Eskolako LHko haurrek, Beduolaren laguntzarekin

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 5a, 11:15

Itsasoarekin lotutako herria da gurea, eta itsasoa hizpide duten istorioek, kontakizunek edo bizipenek elikatzen dute gure izaera. Nabigatzaileak, piratak eta kortsarioak, Ternuara joaten ziren arrantzale ausartak, arrantzatutako baleak... errealitatearen eta fantasiaren mugan mugitzen diren elementuak dira. Itsasoaren mundu horretan murgildu dira Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako haurrak, Beduola elkarteko kideen laguntzarekin.

Panelak, argazkiak, sareak edota ontzien maketak ikusi ahal izan dira Zumaiako Herri Eskolako eraikinean, Lehen Hezkuntzako gelen arteko korridoreetan. Beduola ontzi tradizionalen elkarteak utzitako materiala da, eta azken bi aste hauetan erabili dute LH 2. mailako haurrekin. “Egokiena Beduolaren lokalera joatea izango litzateke, baina COVID-19agatik bizi dugun egoerarekin ezinezkoa da”, diote Arantza Urdangarin, Isabel Ibarra, Eider Lopez de Arregi eta Nerea Cortes irakasleek klaseen arteko atsedenaldian.

Boga boga marinela izenburua duen gaiarekin lanean ari gara hilabete honetan, eta liburuaz aparte, beti saiatzen gara beste ekintza batzuek egiten; ikusi genuen herri mailan bazirela gaiarekin lotutako gauza interesgarriak”, azaldu dute. “Balearen arrantzaz jardun dugu, baita piraten, kortsarioen edo nabigatzaileen historiez ere. Herriarekin lotzeko aukerak ikusi genituen, eta hor Kofradia bisitatzeko aukera izan genuen. Gero, Beduolako kideekin harremanetan jartzeko aukera izan genuen eta beraien materiala gure eskutan jarri digute”, gaineratu dute.

Egoera normal batean taldeka joango lirateke haurrak Beduolaren lokalera, bertan egiten duten lana ikustera. “Orain aukerarik ez dugu, eta panelak ekarri dizkigute hona. Gero, Beñat Ibaietak Hiru anai txaluparen maketa ekarri zigun, eta azaldu zien haurrek batel hori nola ari diren egiten, nola eskuratu zuten, neurriak eta nola hartu zituzten, eta ontzia nola berreskuratzen ari diren”.

Itsasoarekin lotutako argazkiak jarri dituzte korridoreetan.

Material horren guztiaren bidez herriko historia ere landu dutela diote irakasleek. “Adibidez, ikusi dute Zumaian zenbat ontziola zeuden lehen; orain bakarra dago, baina lehen pila bat. Aurretik Erdi Aroko Zumaiaren gaia ere landu genuen, eta horrekin lotura bat egin dugu. Baita ere ikusi dute zer garrantzitsuak ziren sokak eta sareak; Kofradiara egindako bisitan sokak erakutsi zizkieten, eta haiek ukitzeko aukera ere izan zuten. Korapiloekin ere aritu gara, eta ontziak berritzeko zer lan egiten diren ere ikusi dute. Hor Hiru anai batelaren historiarekin lotu dugu”.  

Piratek eta kortsarioek haurren fantasian badute leku berezia, baina nabigatzaileen aurkikuntzak ere interesgarriak egin zaizkiela azaldu dute. “Elkano eta Magallanesen bidaiei esker haurrek aukera izan dute ikusteko Lurra borobila dela. Marinelen bizitza zer gogorra zen, eta euskal marinelak zer ausartak ziren ezagutzeko aukera ere izan dute. Arrantzan edo ontzioletan lan egin duten aitonaren eta osabaren baten bizipenak ekartzeko aukera ere izan dute”.

Programa honen azken eguna da hau, baina irakasleek espero dute haurrei zerbait geratuko zaiela espero dute. “Adi egoteko esan diegu, eta batel hauen uretaratzeren bat badago, ikustera joateko”.