Eremu laranjan pasatuko du asteburua Zumaiak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 4a, 13:42

Aste honetan bizitzen ari garen goitibeheran, gaur zertxobait lasaitzeko aukera izan da Zumaian. Bi kasu atzeman zituen atzo Osakidetzak herrian, eta ondorioz intzidentzia tasak 500etik behera jarraitzen du. Ondorioz, eremu laranjan jarraitzen du Zumaiak. 

Herenegun izandako zazpi kasuren ondoren, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 488ra igo zen zen; 500eko langatik oso hurbil zegoen herria, eta eremu gorrira bueltatzeko beldurra herritarren artean zabaldu zen atzo. Atzo, baina, bi positibo zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herrian, eta intzidentzia tasa hogei puntu jaitsi da. Une honetan, 468,10 puntuko intzidentzia tasa du herriak, eta asteburua, behintzat, eremu laranjan igaroko du. 

Asteburuari dagokionez, eskualdeak gaurkoz arnas pixka bat hartu duela dirudi. Herenegungo 40 kasu baieztatuen ostean, atzo hamasei lagunek eman zuten positibo Urola Kostan. Une honetan bi herri daude eremu gorrian, Azpeitia eta Orio, eta hiru eremu laranjan; hain zuzen, Azkoitia, Zarautz eta Zumaia.

Emaitza berrietan goranzko joera bat islatu duen eskualdeko herri bakarra izan da Orio, han detektatu baitzituzten kasu positibo gehien atzokoan: zazpi. Aurreko lau egunetan soilik sei kasu zenbatu ostean, beraz, gora egin du positiboen kopuruak, bai eta intzidentzia tasak ere: 1.223,09koa zen atzo, eta 1255,71koa da orain. Atzoko datuekin, eremu gorritik irteteko aukeratik urrundu da kostaldeko herria.

Azpeitian ere piztuta jarraitzen du semaforoko argi gorriak, gaur gaurkoz, 1169,51koa baita hamalau egunetako kasu metatuen tasa. Dena den, behera egin du tasak –1.268,07ko zen atzo– nahiz atzemandako positiboen kopuruak –hiru kasu izan ziren atzokoan, eta hamabi herenegun–.

Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian parekoak izan ziren atzoko datuak, bina kasu positibo baieztatu baitzituzten hiru herrietan. Guztiak daude eremu laranjan, baina guztietan egin du behera intzidentzia tasak. Zumaia da eremu gorritik hurbilen dagoena 468,10eko tasarekin; 408,91koa da Azkoitian, eta 321,24koa Zarautzen.

Zestoan kasu bakarra izan zen atzo, baina eskualdeko gainontzeko herrietan –Aia, Beizama, Errezil, Aizarnazabal eta Getaria– ez zen emaitza positiborik izan.

1.236 kasu Hego Euskal Herrian

Eskualdean atzoko emaitzak pozgarriak izan badira ere, Hego Euskal Herrian gora egin du detektatutako positiboen kopuruak: atzo 1.236 kasu izan ziren –144 Araban, 544 Bizkaian, 320 Gipuzkoan eta 228 Nafarroan–, herenegun baino 179 gehiago. Koronabirusa hautemateko proba gutxiago egin ziren atzo, gainera: 18.907 proba, herenegun 19.986 proba egin ostean.

Atzo 84 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 156 lagun daude ZIUn, atzo bezainbeste.