Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 'Amaren intxaurrak' ikuskizuna taularatuko dute hilaren 14an

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 3a, 16:19

Ikuskizun berriaren bi saio eskainiko dituzte pailazoek Zumaienako aretoan. Ostiraletik aurrera eskuratu ahal izango dira sarrerak, internet bidez.

Aurten ezin izango dira Inauteriak urtero bezala ospatu, baina otsailaren bigarren asteburuan ekitaldiak izango dira herrian, udalak antolatuta. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bi saio eskainiko dituzte Zumaian otsailaren 14an, igandea. Hain justu, Amaren intxaurrak ikuskizun berria taularatuko dute Zumaienan. Lehen saioa 15:00etan izango da; bigarrena 17:30ean. 

Kultur ekitaldi guztietan bezala, osasun neurriak zainduko dituzte: 200 ikusle izango dira gehienez ere, eserita uneoro, eta aretoa desinfektatu eta aireztatu egingo dute bi saioen artean. Neurri horiek behar bezala betetzeko, aurrez eskuratu beharko dira ikuskizunetarako sarrerak. Ostiralean, hilaren 5ean, 10:00etan jarriko dituzte salgai entradium.com atarian. Lagun bakoitzak lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. 

Veneziako Inauteriak, Musika Eskolaren eskutik

Bestelako ekimenak ere antolatu dituzte Inauterien bueltan. Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako lagunek, esaterako, Veneziako Inauterietara eramango dituzte zumaiarrak. Zumaiako Udal Musika Bandarekin elkarlanean, ikus-entzunezko bat prestatu dute herritar guztientzako. Zumaiena aretoan ikusi ahal izango da pieza hori otsialaren 12an eta 13an, 17:30ean hasita. Ekitaldi horretako sarrerak doakoak izango dira, baina Turismo Bulegoan –10:00-14:00 eta 16:00-18:00– eskuratu beharko dira aurrez, bihartik aurrera. Lau gonbidapen jaso ahal izango ditu pertsona bakoitzak. 

Hala eta guztiz, otsailaren 15etik aurrera, baleike.eus-en eta zumaia.eus-en ere izango da ikusgai bideoa.