'Eskola Kirola eraldatzen' topaketa izango da hilaren 19an

Maria Maya Manterola 2021ko ots. 2a, 15:30

Oinherri herri hezitzaileen sareak antolatuta, topaketan eskola kirola eraldatzeko prozesuan kontuan hartu beharreko gakoen inguruan egingo dute gogoeta. Herri hezitzaileen sareko lau herriko kideen bitartez, beste herri batzuetako eraldaketa prozesuak ere ezagutzeko aukera izango da.

COVID-19ak sortutako krisialdia tarteko, azken hilabeteotan asko hitz egin da eskola kirolaren inguruan. Haurren osasunean kirolak duen garrantziaz, eta ondorioz, COVID-19aren garaian eskola kirola martxan egotearen garrantzia agerian geratu dira, besteak beste. Zumaia parte den Oinherri herri hezitzaileen elkarteak, ordea, eskola kirolak nolakoa izan behar duen hausnartzeko baliatu nahi du koronabirusak eragindako geldialdia. 

Herri hezitzaileen sareko herri askok darabilte hausnarketa hori esku artean, Oinherriren arabera. Zumaian ere abiatu nahi dute eskola kirola balioen hezkuntzarako tresna izateko kontutan hartu beharreko gakoen inguruko gogoeta hori. Horretarako, hilaren 19an, Eskola kirola eraldatzen izenburupean, goiz osoko topaketa egingo dute. Lehendabizi, eskola kirolaren inguruko marko teorikoa landuko dute; eta gero, eskola kirola eraldatzeko prozesuan kontuan hartu beharreko pausoetan jarriko dute arreta. Gainera, herri hezitzaileen sareko lau herriko –Oñatiko, Usurbilgo, Hernaniko eta Oarsoaldeko– eskola kirolaren eraldaketa prozesuan parte hartu duten kideak izango dira bertan. 

Topaketan parte hartzeko, aurrez izena emateko eskatu du Oinherrik. Elkartearen webgunean eman daiteke izena, herrihezitzailea.eus-en.

Egitaraua

09:30. Ongi etorria.
10:00. Eskola kirolaren txapel teorikoa, Andu Martinez de Rituertoren eskutik.
10:40. Gipuzkoako Foru Aldundian azken urteetan hartutako norabidea.
11:20. Atsedena.
11:45. Herrien esperientzia elkarbanatzeko mahaingurua (Oñati, Usurbil, Oarsoaldea eta Hernani).
13:00. Itxiera.