Zozkatu ditugu 'Porno vs. Afrodita' antzezlanerako sarrerak

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 2a, 11:14

Porno vs. Afrodita antzezlana izango da ostiral honetan, hilaren 5ean, Aita Mari zinean. Gazteei zuzendutako antzerkia da, eta 19:00etan hasiko da. 

Udaleko Kultura Sailak emandako hiru sarrera bikoitz zozkatu ditugu Baleikeko bazkideen artean. Saridunak Libe Osa, Iosu Alberdi Atxurra eta Leire Ostolaza Egaña izan dira. Sarrerak Alondegiko bulegoan jaso daitezke.

Sarrerak aurrez erosi behar dira (egunean bertan ez da takilan sarrerarik salduko. Sarrera arruntak 6 euro balio ditu, eta Gazte Txartela erakusten dutenek 4 euro ordaindu beharko dituzte.

Sinopsia

Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dugu zentzuen aurrean. Desioaren arrazionalizazioa,  erabakitze-ezintasuna, harri orri ar, gorputza eta aurpegiaren gainerakusketa obszenoa, tabuak, fantasia, proiekzio eta ensoñazioak, generoa eta zenbakia. Rap, trap eta rocka. Gu eta eurak. Analogikoa eta digitala. Pornoa eta Afrodita. Askatasun sexuala ala neoliberalismo sexuala? Ase ezintasuna. Eta guztia zeharkatzen, blai egiten, Musika.

Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla.