Placido Martinez Hidalgo: "Jakin nuenean saria niri egokitu zitzaidala zirudien"

Baleike 2021ko ots. 1a, 19:30

@ONCEuskadi

Hiru urte daramatza ONCEko kupoiak sartzen Placido Martinez Hidalgok, eta dagoeneko 100.000 euroko saria banatu du. "Nahikoa poz" eman dio saria banatzeko bitartekaritza lan hori egiteak. Sari gehiago banatu ditu; ez ordea halakorik.

"Ilusio handia" egin dio Placio Martinez Hidalgori 100.000 euroko saria Zumaian utzi duten kupoiak saltzeak. "Jakin nuenean, saria niri egokitu zitzaidala zirudien", dio. Nahiz eta berak saririk ez eskuratu, "nahikoa poz" eman dio saria banatzeko bitartekaritza lan hori egiteak. Hala eta guztiz, egunero erosten du berak ere ONCEren kupoi bat.

Hiru urte daramatza lanean, eta sari gehiago banatu izan ditu; ez ordea halakorik: "1.000 eta 1.500 euroko sariak banatu izan ditut urteotan, baina sari potolo bat banatzen dudan lehenengo aldia da. ONCEko gainontzeko kideek denbora gehiago daramate kupoiak saltzen, eta ez dute halako zorterik izan", dio.

Joan den ostiraleko Kupoitzarraren zozketak 100.000 euro banatu ditu Zumaian, eta 25.000 euroko lau kupoi saldu zituen Martinez Hidalgok: hiru Basadi auzuneko Juanjo Larrañaga harategian, joko-produktuak saltzen laguntzeko establezimendu bat baita, eta beste kupoi bat kioskoan. Hurrengo egunean joan zitzaion bezeroetako bat kioskora, eta kupoi saritua zuela baieztatu zuen Martinez Hidalgok. Saria jaso duen pertsonetako batek harategian zerbait utzi diola ere jakin ahal izan du.

Egunero-egunero 80 kupoi inguru saltzen ditu. Datozen egunetan jende gehiago gerturatuko denaren esperantza du saltzaileak, albistea zabaltzean. Aurrerantzean ere Eurojackpot eta Kupoitzarra sariak banatzen jarraitzea gustatuko litzaioke Martinez Hidalgori; ONCEren sari potoloenak, hain zuzen ere.