Harrera programa aurkezteko ekitaldia egingo da asteazkenean Alondegian

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 1a, 08:42

Zumaiako Udalak prestatu duen Harrera protokoloa aurkezteko ekitaldia egingo da otsailaren 3an, asteazkena, Alondegiko Oxford aretoan. Saioa 18:00etan hasiko da, eta aurrez izena eman beharko da. Jarraian, Xabier Aierdi soziologoaren hitzaldia izango da. 

Zumaiara bizitzera heltzen den pertsona orok harrera integrala jasotzeko Harrera protokoloa prestatzen lanetan izan da Zumaiako Udala, eta protokolo hori herritarren aurrean aurkeztuko du asteazken honetan. Saioa 18:00etan izango da Alondegiko Oxford aretoan. Bertaratu ahal izateko aurrez izena eman beharko da berdintasuna@zumaia.eus helbidera mezu bat bidalita. 

Herriko zenbait eragileren ekarpenekin osatu dute protokolo hau, hala nola, Malen Etxea emakume migranteen elkartearekin, Emakumeon* Etxea elkartearekin, Darahli Sahararen aldeko taldearekin, Bakea kultur elkartearekin, Errefuxiatuen Harrera Taldearekin eta Larraina Euskara taldearekin.

Aurkezpena egin eta gero, partaideek ekarpenak egiteko aukera edukiko dute, eta jarraian Xabier Aierdi soziologoak Immigrazioaren errealitatean kokatzen hitzaldia eskainiko du.