Arropa biltzeko edukiontziak aldatuko dituzte datorren astean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 30a, 17:45
Ondoko itxura izango dute kontainer berriek.

Hurrengo asteburuan kenduko dituzte edukiontzi zaharrak Zumaian, hortaz, egun horietan ez da arropa biltzeko kontainerrik izango. "Zerbitzua indartzea eta hobetzea" da Udal Elkartearen asmoa: eskualdeko 26 edukiontziak kendu eta 35 berri jarriko ditu.

Arropa eta ehunkiak biltzeko 26 gune daude Urola Kostan. Urola Kostako Udal Elkarteak jakinarazi duenez, "zerbitzua indartzeko eta hobetzeko" apustua egingo du orain: edukiontzi zahar guztiak kendu eta 35 berri jarriko ditu Aian, Getarian, Zarautzen, Orion nahiz Zumaian.

"Gaikako bilketaren baitan, arropa ere egoki kudeatu beharreko hondakina da. Berrerabili daitekeena, gainera. Horregatik, kaleko edukiontzien bitartez egiten den arropa bilketa hobetzeko, edukiontzi berriak jarriko dira", dio mankomunitateak.

Asteburu honetan ekingo diote zeregin horri Aian, Orion eta Zarautzen. Zumaian eta Getarian, ordea, hurrengo asteburuan kenduko dituzte kontainer zaharrak. Egun horietan, beraz, ez da arropa-edukiontzirik izango bi udalerrietan.