Xey eremuko lursail bat saldu dio udalak Sprilurri

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 28a, 10:39

Oikiako Xey eremuko lursail bat salduko dio Zumaiako Udalak Sprilur sozietate publikoari. Salerosketa akordio honen bidez, industrigunea biziberritu eta "herrira enpresa berriak ekartzeko pausoak" eman nahi dituztela azaldu dute.

Udala eta industrialdeak sortu eta kudeatzen dituen Sprilur sozietate publikoa salerosketa akordio batera heldu dira Xei industriguneko lursail bat eskualdatzeko. Lursailak 2.870 m2ko azalera du. Salerosketa honekin "Xeyko industrigunea biziberritu eta aktibitate berrientzat erakargarri" bihurtu nahi dutela azaldu du udalak.

Iñaki Ostolaza alkatearen arabera "herriko ehun industrialari indartsu eustea erronka garrantzitsua da, kalitatezko lanpostuak mantendu eta ahal den neurrian berriak sortzeko". Horretarako "herrian dauden enpresak mantentzeaz gain etorkizunean enpresa berrien etorrera bilatu behar dela azaldu du". Alkatearen ustetan, helburu horretan aurrera egiteko paper garrantzitsua bete dezake Xey industrialdeak. “Industrialdea 1970 hamarkadakoa den arren impasse egoera batean aurkitzen da azken urteotan, eta Sprirekin sinatutako akordioarekin biziberritzean lehen pausoekin hastea da helburua, etorkizunean industrigune hau garatzen joateko”, azaldu du.

Sprilur sozietate publikoko Txaber Ouro ordezkariak, berriz, Gipuzkoan erabilera industrialerako lurra falta dela azaldu du, eta halako erosketekin industria erakartzeko gune berriak sortu nahi dituztela gaineratu du. Eremu hori egokitzeko lanak egingo ditu Sprilurreek, epe ertainean enpresa berriak erakartzeko asmoz.