Eskualdeko langabeak kontratatzeko dirulaguntzak emango dizkie UKUEk enpresei

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 28a, 08:23

291.000 euro emango dizkie dirulaguntzatan Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko enpresei Urola Kostako langabetuak kontratatzeko. Bihar amaituko da eskaerak aurkezteko epea. 

COVID-19ak eragin zuzena izan du eskualdeko ekonomian. Dirulaguntza hauen oinarrietan azaltzen den moduan, alarma-egoerarekin lotutako neurriek "enpresa-jarduera etetea edo murriztea eragin dute, eta eragin handia izan dute soldatapeko pertsonen enpleguan, neurri handi batean haien kontratuak eteteak edo lanaldia murrizteak eraginda. Covid-19ak eragindako pandemiak aurrekaririk gabeko shock ekonomikoa eragin du, eta egoera ekonomikoa erabat aldatu du".

Horren jakitun, "lehentasunezkotzat" jotzen du UKUEk enplegua indartzeko neurriak ezartzea normaltasuna pixkanaka berreskuratzeko fase honetan.

Deialdi honen helburua bikoitza dela dio udal elkarteak: alde batetik, enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, beste alde bestetik, enplegu-politika aktiboak indartzea, langabeen kontratazioa errazteko (batez ere, COVID egoera honengatik kaltetuak izan direnak eta alarma adierazpenaren ondoren lana galdu duten pertsonak edo; laneratzeko zailtasun bereziak dituztenak).

"Hori lortzeko, hain zuzen ere, bideratu da eskualdeko enpresentzako diru laguntza deialdi hau, eskualdeko langabeak kontrata ditzaten", azpimarratu du UKUEk.

Oinarri hauek arautzen duten diru laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du eta Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko du. Guztira, 291.000 euroko diru partida bideratuko da deialdi honetara.

Lehentasuna izango dute emakumeak kontratatzen dituzten eskabideek, izan ere, proposatzen diren 55 kontratuetatik 22 diru laguntza gordeko dira emakumeak kontratatzen dituzten eskabideentzat.

Hemen aurki daiteke deialdi honen informazio gehiago.

Eskabideak Udal Elkarteko egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira