[GUTUNA] TAOri buruz zuzena ez den informazioa zabaltzeari uzteko eskatzen dio Udal Gobernuak EAJko udal taldeari

Zumaiako Udal Gobernua 2021ko urt. 27a, 19:25

Hiru urteko prozesuari amaiera emanez, TAOren ordenantzaren aldaketak bozkatuko dira biharko Osoko Bilkuran. 

Horrekin lotuta, Udal Gobernuak EAJko udal taldeari eskatu nahi dio ordenantza arretaz irakurtzeko, eta ez dezala zuzena ez den informazioa publikatu herritarrak nahasiz:

  1. Zubi txikitik birabusera Txomin Agirre osoa errotazio handiko gunea izango dela dio EAJk, eta hori ez da horrela. Orain arte bezalaxe, barruko aldeko aparkaleku guztiak (zinema eta Zipi-Zape aldeko bi ilarak alegia) bertakoentzako eta ibaiaren aldekoak errotazio handikoak izango dira, berdin-berdin alegia. Diferentzia bakarra Pulpo aurreko edukiontzietatik birabusera dauden aparkalekuak errotazio handikoak izatera pasako direla eta birabusetik arranplara bitartekoak bertakoentzako izatera pasatzen direla. Horrekin batera, aipagarriena da (EAJk aipatu ez arren) paolbide osoa ere bertakoentzat izatera pasatzen dela.
  2. EAJk dio zumaiarrek kanpokoek bezala ordaindu beharko dutela bertakoentzat ez diren TAO guneetan, eta hori ere ez da horrela. Zumaiarrek gune horietan hiru orduz aparkatzeko aukera izango dute, lehen ordu eta erdia doan (iaz bezalaxe, berdin-berdin).

Herritarrei nahasmena sortzeko arriskua duten bi kontu horiez gain, formen kontura egiten EAJk egindako kritikekin lotuta:

  • Balorazio mahaian bi saio egin direla dio EAJk, eta gutxitxo dela. Onartzear dauden aldaketa hauek hiru urteko prozesu baten amaiera dira. Ez dira bi bilera horien emaitza, aurretik egindako prozedura guztiaren ondorio dira.
  • Ostalariek eta merkatariek beraien ordezkariak izendatu eta bidali dituzte bilera hauetara, beraiek aukeratutakoak. Haien proposamenak egiteko aukera izan dute noski.
  • Horretaz gain, EAJk iaz TAOri buruz Alondegian egin zuen batzar irekian Udal Gobernuari eskatzen zizkion lau proposamenak sartu dira aldaketan. Eta aurten egindako bosgarren bat ere bai.

Besterik gabe, biharko Osoko Bilkuran aldaketa hauek onartuko balira, Udalak herritarrei TAOren aldaketen informazioa ahalik eta ulerterrazen emateko baliabideak landuko lituzke.

Bitartean EAJko udal taldeari eskatu nahiko genioke zuzena ez den informazioa zabaltzeari uzteko, herritarrak ez nahasteko.