Ingurumen larrialdia salatzeko protesta izango da larunbatean Itzurunen

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 26a, 09:33

'U30 Aldaketaldia' izenburupean, ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak izango dira larunbatean Gipuzkoako hogei herritan; tartean, Zumaian. Itzurun hondartzan egingo dute protesta, 13:00etan. Zumaiako Natur Taldeak ere bat egin du deialdiarekin; larrialdiari eraginkortasunez aurre egiteko, "globala eta lokala" uztartu nahi ditu ekimenaren sustatzaile Larreko Mahaia eragileak. 

Larreko Mahaiak sustatuta, klima, bioaniztasun eta ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak izango dira urtarrilaren 30ean, larunbata. U30 Aldaketaldia izenburupean, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan zentro guztietan ekintzak egitea proposatu dute, betiere ikuspegi lokaletik. Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan izango dira ekintzak, eta Zumaian ere lur hartuko du U30 Aldaketaldia ekimenak: Itzurun hondartzan egingo dute protesta, larunbatean, 13:00etan. Zumaiako Natur Taldeak ere bat egin du deialdiarekin. 

Urtarrilaren 30aren bueltan larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintza ugari izango da. Hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta martxak, plastiko bilketak edota zuhaitz landaketak antolatu ditu Larreko Mahaiak tokiko eragileekin elkarlanean.

Gainera, gogoratu nahi izan dute otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia erori zeneko urteurrena izango dela, eta U30 Aldaketaldia ekimena baliatu nahi dute gertaturikoa gizarteratzeko. "Zaldibarkoan argi geratu da Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari", gaineratu dute. 

Aldaketa sakona

Antolatzaileen hitzetan, beharrezkoa da "norabide aldaketa sakona", agintari politikoek pandemiaren aitzakian "eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu" eta "larrialdi egoera areagotzen jarraitzen ari diren honetan". Horretarako, ezinbestekotzat jo dute gizartea aktibatu eta saretzea: "Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren
alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu".

"Globalean pentsatu eta lokalean ekin" leloak adierazi bezala, garraio, hondakin, bioaniztasun, lurralde antolaketa edota ibaien saneamendu politiketan krisi globala "hemen, gurean" hasten dela bistaratzea beharrezkoa da, Larreko Mahaiaren arabera. Ingurumen larrialdiari eraginkortasunez aurre egiteko, lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea nahi dute antolatzaileek.

Zumaiako Natur Taldeaz gain, honako eragileek ere egin dute bat ekimenarekin: ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future, Extinction Rebelion, Haritzalde, Satorralaia, Uliako Lore Baratzak, Aire Garbia, Ipar Haizea, Landarlan, Ekologistak Martxan, AHTrik EZ, Grupo Oarso Taldea, Urola Bizirik, Mutriku Natur Taldea, Antikapitalistak, BizilagunEKIN, Ondarroa 12 Mila, Naturkon, Arkamurka eta beste batzuk.