3.255 euro bildu ditu Zumaiako Caritasek Eguberritako kanpainan

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 20a, 08:55

Zumaiako herriak bere eskuzabaltasuna erakutsi du beste behin ere. 3.255,34 euro bildu ditu Zumaiako Caritasek Eguberriarekin batera egindako kanpainan.

Pasa den urte amaierako kanpainak zailtasun ugari zituen aurrean: COVID-19a, Gabon Korua atera ez izana, ostalaritzari jarritako murrizketak... Baina, hala ere, zumaiarrek eskuzabalak direla erakutsi dute beste behin ere. Zumaiako Caritasek eskerrak eman nahi dizkio herri osoari, eta bildutako dirua behar handiena dutenei laguntzeko erabiliko dutela azaldu du.

Arazoak dituzten herritarrek 608 30 91 15 edo 608 37 72 16 telefono zenbakietara deitu dezakete herriko Caritasekin harremanetan jartzeko.