‘Corpus Christi’ filma poloniarrarekin hasiko da neguko zine forum zikloa

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 13a, 18:42

Otsailaren hasierara bitarteko hiru filma aukeratu ditu Ostarrena zine klubak neguko zine forum zikloa hasteko. Horien artean da Donostiako azken Zinemaldian sari nagusiak eraman zituen Beginning filma georgiarra.

Neguko atsedenaldiaren ondoren, bueltan da Ostarrena zine klubak antolatzen dituen zine forum saioak. Garai honetan, ohiko urte batean, martxoaren amaierara bitarteko sei filma aukeratuko zituen Zumaiako zine klubak. Baina, osasun krisialdiak eragindako ezohiko egoera hau dela medio, lehen hirurak besterik ez ditu iragarri oraingoz. 

Poloniar, argentinar eta georgiar jatorriko filma bana aukeratu ditu Ostarrenak neguko zikloa hasteko. Saioak 19:00etan hasiko dira, Aita Mari zinean. Sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai.

Jan Komasa zinemagile poloniarraren Corpus Christi filma eskainiko da bihar, ostegunean, hilaren 14an. Atzerriko filma onenaren Oscar sarietarako hautagaia izan zen 2019. urtean, eta filma, zuzendaritza, aktore eta gidoi onenentzako hautagai ere izan zen urte bereko Europear Zinemako sarietan. 20 urteko Danielen historia kontatzen du filmak. Eraldatze espirituala bizi du gazteen atxiloketa zentro batean dagoen bitartean. Apaiz bihurtu nahi du, baina dituen aurrekari penalengatik hori ezinezkoa da.

Poloniatik Argentinara egingo da salto hamabost egun geroago. Hilaren 28an Ricardo Darin, Luis Brandoni eta Chino Darin aktore dituen La odisea de los giles drama emango da Zumaiako zine aretoan. Buenos Aireseko probintzia, 2001eko amaiera. Lagun eta bizilagun talde batel landa kooperatiba bat berrindartzeko zuen dirua galdu du. Handik denbora batera jakingo dute banku bateko gerenteak eta abokatu batek egindako estafa baten ondorioz galdu dutela dirua.

Lehen hiru pelikula hauen eskaintzarekin amaitzeko, otsailaren 11n Beginning filma georgiarra emango du Ostarrenak. Probintziako herri lasai batean, talde estremista batek eraso egin dio Jehovaren lekukoen komunitate bati. Gatazka betean, Yanaren mundua (komunitate-buruaren emaztea) gainbehera etorriko da poliki-poliki. Yanaren barne-atsekabea handitu egingo da bere nahien zentzua topatzeko borrokatu ahala.

68. Donostia Zinemaldiko protagonista handia: Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra; Gidoi onenaren saria; Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eta film onenaren Urrezko Maskorrarekin saritu zuten Dea Kulumbegashvili zuzendari georgiarraren lehen film luzea.