300 lagun inguruk aldarrikatu dute presoen auzia konpontzeko

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 9a, 18:43

Itzurun hondartzan euskal presoak etxera ekartzeko aldarria daramaten ehunka banderola atera dituzte gaur eguerdian. Sare plataforma gustura agertu da zumaiarren erantzunarekin.

Sare plataformak deituta, 238 udalerritan egin dituzte protestak gaur Euskal Herri osoan. Zumaian ere kalera atera dute euskal presoen aldeko aldarria eta, Bidea Gara lelopean, Itzurun hondartzan argazki erraldoia atera dute 300 lagun inguruk gaur eguerdian. Plataformak jakitera eman duenez, aurtengo elkarretaratzean 2012an autobusez mobilizatutako jende kopurua gainditu da Zumaian. 

Ekitaldian irakurritako testuan nabarmendu dute "etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea" dela deialdiari erantzun dioten herritarrek hautatu dutena. "Giza eskubideak oinarri" emandako "aurrerapausoak" izan dituzte ahotan, eta azpimarratu dute salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko beharra. "Ezinezkoa da aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe. Ezin da aurrera egin senideak, bereziki haurrak eta adineko pertsonak, zigortzen dituen urruntze politika aldatu gabe, larriki gaixo diren presoak espetxean egoera biziki larrian mantenduz edota presoei ezarritako etxeratze-prozesua ahalbidetzen dien gradu-progresioa ukatuz".

Bestalde, garrantzitsutzat jo dituzte "Frantzian eta Espainian azken urte eta hilabeteetan eman diren aldaketak". Izan ere, Frantziako Gobernuak baldintzapean aske utzi zuen Frederik Xistor Haranburu iragan azaroan, eta Espainiako Gobernua hainbat preso gerturatzen ari da azken hilabeteetan. "Nahikoa ez izan arren, aukera badela, bidea badela erakusten digu honek, eta guk aukera baliatu nahi dugu bide hori bilakatzeko. Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badugulako zer ibili, baina badugulako ere ibiltzeko bidea. Gu gara horretarako bermea, gu gara bidea".

Amaitzeko, sei eskari zehatz egin dituzte:

  1. Euskal presoen euskalherriratzea, urruntze-politikarekin behingoz amaitu eta senideei ezarritako zigor erantsia eten dadin.
  2. Euskal preso guztiei gradu-progresioa ahalbidetzea, preso guztiek jarraitu beharreko birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten.
  3. Larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, dagokien artatzea senideen babes eta konfantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko.
  4. Adinez nagusiak diren presoen etxeratzea, euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz.
  5. Aita, ama edo biak espetxean dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea, hala nola preso diren pertsonek guraso izateko duten eskubidea bermatzeko neurriak hartzea.
  6. Eta kontuan hartzea Frantzian betetako zigor urteak Espainian ezarritako zigorrean, zigorren batuketa eginaz.

Argazkiak: David Julia/Izan Bidea Zumaia