'Nieva en Benidorm' eta 'Ipuin herriko berriak', asteburuan Aita Marin

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 8a, 12:03

Bi filma emango dira asteburu honetan Aita Mari aretoan, helduentzako eta haurrentzako filma bana: Nieva en Benidorm eta Ipuin herriko berriak.

Nieva en Benidorm Isabel Coixet zinemagilearen azken lana da, eta ostiraletik astelehenera bitartean emango da, 19:00etan.

Peter Riordan gizon bakartia da, maniatikoa eta metodikoa, fenomeno meteorologikoekin obsesionatutakoa. Bizitza osoan lan egin duen Manchesterreko bankuan erretiro aurreratua hartzea onartzen diotenean, Benidormen bizi den Daniel anaia bisitatuko du. Hirira iristean, bere anaia desagertu egin dela jakingo du, eta burlesque klub baten jabea dela ere bai.

Peter eta Alex (anaiaren lankidea) Danielekin zer gertatu den ikertzen saiatuko dira, 50eko hamarkadan Sylvia Plath Benidormen egotearekin obsesionatuta zegoen polizia baten laguntzarekin.

Larunbatean eta igandean, berriz, Ipuin herriko berriak pelikula emango da, 16:30ean. Quartier eta Moller zuzendarien proposamen berrienak Ipuin-herri izeneko bizileku bereziko animaliak ditu protagonista. Bertan, goizero-goizero, zuhaitzera igo eta egunkariko albisteak irakurtzen dizkie hontz jaunak auzokideei. Istorio zoragarri bezain dibertigarriak izan ohi ditu hizpide, bereziki, biztanleei jazotakoak eta haien ezuste, haserre, esperientzia eta emozioak; zikoinak, beleak, untxiak, azeriak, otsoak, hartzak eta gainerako kideek, iritzi ezberdinak izan arren, talde polita osatu eta elkar zaintzen dute.

Hemen trailerra: