Sarek hilaren 9an preso eta iheslarien alde mobilizatzera deitu ditu herritarrak

Mireia Galarza 2021ko urt. 4a, 12:30

Urtarrilaren 9an herriz herri preso eta iheslarien eskubideen alde deitu diren mobilizazioetara batzeko eskatu zieten herritarrei. Bertan izan ziren Beñat Lizeaga eta Izar Azkue, eta hilaren 9an Itzurunen egingo den ekimenean parte hartzera deitu zituzten zumaiarrak.

Urola Kostako Sarek agerraldia egin zuen Zarautzen atzo, igandea, urtarrilaren 9ko mobilizazioen harira. Izan ere, aurten ez dute manifestaziorik egingo Bilbon eta Baionan; ekimenak herriz herri egingo dituzte. Agerraldian izan ziren Beñat Lizeaga eta Izar Azkue zumaiarrak. Azaldu zutenez, Zumaian 13:00etan talde argazkia aterako dute Itzurun hondartzan, eta 250 lagun elkartzea izango da helburua. Inpernupe eta Nikol tabernetan nahiz lotura honetan eman daiteke izena.

Irati Txapartegi eta Haritz Labiano zarauztarrek irakurri zuten testua. “Mobilizazioak hainbat aldarri biltzen ditu, 2020an Izan Bidea dinamikan barnebildu direnak: euskal preso eta iheslarien etxerako bidea martxan jartzeko aldarria, eta elkarbizitzarako eta bakerako bidea gauzatzen hastearen aldarria. Eta herriz herri egingo diren ekitaldietan ere aldarri horiekin bat egingo da”.

Amaitu berri den urtea “gogorra” izan da COVID-19aren ondorioz herritarrek egunerokoan eduki dituzten muga eta lan guztiengatik, eta egoera hori “are gogorragoa” egin zaie preso eta senideei, Sarekoen esanetan: “Distantzia eta senideak ikusteko ezintasunei, pandemiak ekarritako muga are zorrotzagoek bereziki latza egin dute urtea. Aldaketa bat edo beste ere ekarri du 2020ak, ordea, nahikoa izan ez arren, aukera berri bat ahalbidetzera eraman gaituena. Frantziar zein espainiar estatuek hainbat mugimendu egin dituzte, urrunketaren distantziak laburtzen hasiz. Ez dute inolaz ere urrunketa politikaren amaiera ekarri, baina aukera berri bat ireki dute, eta guk aukera hori probestu nahi dugu”.

Horretarako modua, ordea, “kaleak aktibo egitea da” Sareren ustez. “Herritarron gehiengoa etapa hau garaitu eta aurrera egiteko gogoz dagoela erakutsi behar da, ez baita aldaketarik sekula eman herritarren bultzadarik gabe”.

Ekitaldiak herriz herri

Herri bakoitzeko ekitaldiaren lekuak eta orduak ere zehaztu zituzten:

  • Orio: 17:30ean manifestazioa eta mosaikoa plazan (Aiarrak Oriora joango dira)
  • Zarautz: 17:30ean malekoian, Daman, ekitaldia eta mosaikoa
  • Getaria: 17:30ean manifestazioa plazatik abiatuta
  • Zumaia: 13:00etan Itzurun hondartzan talde argazkia

Agerraldiaren ondoren auto karabana egin zuten herrian zehar hainbat ibilgailuk, urtarrilaren 9aren harira.