2020a agurtu dute zumaiarrek

Baleike 2021ko urt. 3a, 10:00

Amaitu da 2020. urtea, eta atzean utzitako urte ezohiko horren inguruan gogoeta egiteko eskatu die Baleikek sei zumaiarri. Hona hemen Bittor Bengoa pentsiodunen plataformako kidearen, Arritxu Marañon PSE-EEko zinegotziaren, Irati Osa piraguistaren, Oier Korta EAJko zinegotziaren, Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kazetariaren eta Iñaki Ostolaza alkatearen hitzak.

Bittor Bengoa, pentsiodunen plataformako kidea

Hego Euskal Herriko pentsiodunek hiru urte beteko ditugu datorren urtarrilaren 15an, gure herri eta hirietako plazak betetzen, abuztuko eta gabonetako “opor” txikiak izan ezik. 2020a urte berezia izan denez COVID-19aren ondorioz, kontzentrazio horiek egin gabe egon gara martxoak 16tik maiatzaren 18ra arte zeren gure etxeetan konfinatuta egon garelako.

Herritar eta pentsiodun naizen aldetik, oroitzapen berezia izan nahi dut egoitzetan, itxialdian, beraien geletan konfinatuta, bakardadean, familiarren maitasuna eta hurbiltasuna izan gabe hil direnentzako. Egoera izugarria eta onartezina da, eta agerian uzten du egoitza-eredu horrek ez duela betetzen urrunetik ere izan beharko luketen helburua, hau da, gure adinekoak zaindu eta mimatzea, beraien azken urteetan bizitza erosoa eskainiz, non osasun fisiko eta mentalaren zaintza Osasun Zerbitzu Publikoek kontrolatu beharko luketen, eta ez erakunde pribatuen arretaren pean, non lehentasuna eta garrantzitsuena, onura ekonomikoak ateratzea da, bizitza ekonomiaren zerbitzura jarriz. Era berean, gogoratu eta aintzat hartu behar ditugu Egoitzetako langileak, beraien lanak baldintza kaskarretan egitera behartuta baitaudelako ia beti, aurrekontuak murriztu egiten direlako, zerbitzuak pribatizatu eta gero eta langile gutxiago jartzen dituztelako egoilarrak zaintzeko. Baita nahi ditut gogoan izan, pertsona horiek, ia denak emakumeak, etorkinak eta gure adinekoek gure etxeetan zaintzen dituzten langileak, askotan 24 orduko ordutegi amaigabean, soldata oso baxuekin, eta kontraturik gabe gehienak, egoera oso ahulean daudenak, batez ere arautu gabeko baldintzetan egiten dituztelako beraien lanak. Gure gizartearentzat suposatzen duenagatik, beren lana aitortzeak esan nahi du, haien guztien lan-egoera legeztatu eta normalizatu behar dela justizia eginez. Azkenik, osasun-zerbitzuetako langileak txalotu eta aintzat hartu behar ditut, pandemiaren ondorioz jasan duten lan-karga eta presioa direla eta. Osasuna lehenengo gauza bada, horrek lehentasuna eman beharko litzaioke osasuneko inbertsioari, baina hemen aurrekontuak murrizten diren bitartean (2020an pandemiarekin 2019an baino gutxiago gastatzen ari dira Osasun Sailean) milaka milioi zementuan inbertitzen segitzen dute zalantzazko beharra duten azpiegituretan.

Osasuna lehenengo gauza bada, horrek lehentasuna eman beharko litzaioke osasuneko inbertsioari, baina hemen aurrekontuak murrizten diren bitartean (2020an pandemiarekin 2019an baino gutxiago gastatzen ari dira Osasun Sailean) milaka milioi zementuan inbertitzen segitzen dute zalantzazko beharra duten azpiegituretan.

 


Datorren urtarrilaren 30ean, urteurrena izango da greba orokorra egin zela Hego Euskal Herrian, pentsiodunen mugimenduak bultzatuta eta Eskubide Sozialen Kartako osatzen duten sindikatuek antolatuta, eta mugimendu sozialak gehituta. Gure aldarrikapena izan zen Bizitza duina erdigunean eta horretarako aipatzen genuen Soldata eta Pentsio duinak ezin bestekoak direla. Zumaian, ia erabateko lanuztea egin zen, eta goizeko 10:30ean manifestazio arrakastatsua egin genuen. Ondoren Donostira joan ginen eguerdiko 12:00etan manifestazio nagusia egiteko. Pentsiodunok argi daukagu hau dela jarraitu beharreko bidea, hau da, gizarte osoko kideen artean indarrak batzea, boterea dutenak ez daitezen desbideratu pertsonak eta ingurumena, bizitza duinaren erdigunean jartzeko Maiatzaren lehena, langileen nazioarteko egunean Pentsiodunok esaten genuen jai hau 2020an ezohikoa zela zeren Pandemiak gure etxeetan sartu zigula eta ezin izan genuela gure aldarrikapenak kaleetan adierazi, ezta mundo osoko langileentzako gure elkartasuna azaldu ere. Esaten genuen ere Kapitalaren helburua osasuna, hezkuntza eta mendekotasuna pribatizatzea dela, haien onurak maximizatzeko, horrek pertsona eta bizitzari kalte egin arren. Ekonomia interes kolektiboaren zerbitzura egon behar dela eta ezinbestekoa dela arlo publikoa defendatzea eta ez dugula onartu behar erakunde publikoek, guztion diruarekin empresa pribatuek elikatu izatea.


Maiatzaren lehen honetan, esaten genuen, nabarmendu nahi dugula lehentasuna pertsonak erreskatatzea dela, bizi-baldintza duinak bermatzeko, eta gizarteko pertsona guztiek beren oinarrizko beharrak aseta izan ditzaten.
Gogoratu behar dugu bosgarren urtez jarraian %0,25 besterik ez zitzaigula igotzen, 2018ko urtarrilaren 15an Pentsiodunak astelehenetan ateratzen hasi ginela protesta egitera. Hiru urte hauetan, astero egiten ditugun kontzentrazioekin, politikarien agendan gure aldarrikapenak jartzea lortu dugu, eta gure pentsioen igoerak berriz ere KPIarekin lotuta egotea. Pertsona batzuei agian gutxi irudikatu zaie, baina segurtasunez mobilizatu gabe, %0,25ego igoera lotsagarri eta miserable horrekin jarraituko genuen ziur.

Orain, politikariek, pentsioak, Toledoko Itunaren bidez nahi dituzte arautu. Irailaren 11an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko pertsona batzuk bildu ziren Toledoko Ituneko presidentea den Magdalena Valeriorekin eta bilera horren ondoren, oso etsita etorri ziren, bi urteko gobernu “ezkertiar eta aurrerakoien” ondoren, jakinarazi zitzaiena ez zuelako bermatzen guztientzako Pentsio Sistema Publiko eta justu bat egotea. Oraingoz KPIaren igoera baino ez zitzaien ziurtatu. Horregatik abenduaren 5ean mobilizazioak antolatu ziren Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan Toledoko itunaren murrizketei ez leloarekin. Zumaian ere manifestazio arrakastatsua egin zen naiz eta eguraldi oso txarra izan.

Hauek dira gure aldarrikapenak:

  • KPIaren igoera guztiontzat
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa
  • 2010-2012ko Lan Erreforma eta 2011-2013 Pentsio Erreforma indargabetze eta bereziki jasangarritasun faktorea desagertzea
  • 1.200 euroko gutxieneko soldata
  • Zigorrik gabeko erretiroa, 40 urte kotizatuak izanez gero
  • Erretiroa luzatzeari ez
  • Gizon eta emakumeen soldata eta pentsioen arteko arrakala gainditu
  • Alargun pentsioa, bikoteari dagokion pentsioaren %100koa
  • Zaintza lanetan dauden langileentzako, etorkinak barne, kontrato duinak
  • Zentroen arreta-ratioak handitzea
  • Egoitzak publifikatzeko neurriak hartzea lehenbailehen
  • Pentsio publikoen etorkizuna bermatu eta Pentsio pribatuei laguntza publikorik EZ
  • Arreta eta zerbitzu soziosanitarioak publikoak, doan eta unibertsalak lehenestea, finantzaketa handituz, egokiak eta kalitatezkoak izateko

Eta 2021erako? Esan beharra dago José Luis Escrivá (Gizarte Segurantzako ministroa) eta Nadia Calviño (Ekonomiako ministroa) ministro sozialistek Gizarte Segurantzako diruaren zati bat, Bankuei oparitu nahi dietela. Toledoko Itunaren barruan, Pentsioak pribatizatzeko, lehen urratsak ematen saiatzen ari dira erdi ezkutuan. Nadia Calviñok Toledoko Itunean sartu du Pentsio Kutxan sartzen dugun diruaren zati bat, Pentsio Funts Pribatuetara bideratzea, eta horrela Gizarte Segurantzan diru gutxiago sartuko litzateke, zati bat Banku eta Finantza Funts Pribatuetara joango delako, eta konpensatzeko, Pentsioak kalkulatzeko epea 35 urtera igotzeko hitz egiten ari dira, José Luis Escrivá ministroak proposatu duen bezala. Hauteskundeetara aurkeztu zirenak Gizarte Segurantza hobetuko zutela esanez, guztiz kontrakoa egin nahi dute, bankuei dirua emanez, Gizarte Segurantzaren porrota eragiteko arriskuarekin.

Kalean gure aldarrikapenak defendatzen jarraitzea beste aukerarik ez dugu. Guk eskatzen duguna ez da soilik oraingo pentsioetarako, baita etorkizuneko pentsioetarako ere, oraingo langileentzat, biharkoentzat, zainketetarako, zaintzaileentzat, eta gizarte osoarentzat oro har. Gure leloetako bat hau da: “Ekonomia, pertsonen zerbitzura egon behar da, eta ez pertsonak ekonomiaren zerbitzura” .Borroka honetan ari gara eta Gizarte Erakundeek, Sindikatuek, langileek eta pentsiodunok, elkarrekin egin behar ditugu bide hau indarrak bilduz gure aldarrikapenak defenditzeko. Distantzia luzeko borroka dugu esku artean eta herritarrei eta bereziki Pentsiodunei, astelehenetan betiko plazan egiten ditugun elkarretaratzeekin bat egin dezatela eskatzeko aprobetxatzen dut. Urtarrilaren 11an hasiko gara. Guk ez badugu gurea defendatzen, haiek ez dute egingo.

Arritxu Marañon, PSE-EEko zinegotzia

Nork esango zigun 2019a bukatzen eta 2020a hasten ari ginenean historiako azken 80 urtetako garairik zailenetako baten atarian egongo ginela, eta gure gizartearen oinarriak kolokan jarriko zizkigula. Nork imajinatuko zuen ezagutzen dugun bizitza aldatuko zuen hondamendira begira egongo ginela, hain modu gogorrean eta izugarrian.

Baina hala izan da. Urtea hasi eta ia berehala, gaitz ikusezin eta guretzako erabat ezezagun bat etorri zen guregana, bidean aurkitzen zuen guztia zapuztu nahian, COVID-19a, baimenik eskatu gabe, munduko milioika pertsonen osasuna eta bizitza eramaten hasi zena. Baita Zumaiako herritarrena ere.

Inork irudikatzen ez zituen neurriak hartu behar izan ziren. Gogorrenen artean etxeetako konfinamendua. Nire barruan geratuko dira udaletxera eramaten duen kaleko isiltasuna eta hutsunea. Baita gaixoen isolamendua ere; hauetatik asko beraien senitartekoen azken besarkadak jaso gabe hil ziren.

Kolapsatutako osasungintza sisteman lan egiten duten langileen larritasuna heldu zen, atsedenik gabe ahalik eta bizitza gehien salbatu nahian. Sistema ekonomikoaren itoaldia heldu zen, lana galtzen ari ziren, edo galtzekotan ziren, milaka pertsonarekin. Gertaera gehiago konta nitzake, baina badazkizue, modu batera edo bestera denok bizi behar izan ditugulako.

Ez dut inoiz 2020a ahaztuko, arrazoi batengatik, pertsona egiten gaituen hori loratu zelako: gizatasuna. Solidaritate olatuak olio orbanak bezala zabaldu ziren

Baina ez dut inoiz 2020a ahaztuko, arrazoi batengatik, pertsona egiten gaituen hori loratu zelako: gizatasuna. Solidaritate olatuak olio orbanak bezala zabaldu ziren. Osasungintzako langileen lana gogoratuko dut, egoitzetako langileena, etxeetatik lan egiten zuten irakasleena, oinarrizko beharretako saltokiena, garraio publikoarena, garbitasunarena, boluntarioena, kulturako munduarena. Baita egun haietan atsedenik hartu gabe lan egin zuten gure ordezkari publiko eta administrazio publikoarena.
 
Zumaian denok bat egin genuen; ikusi genuen inoiz baino beharrezkoagoa zela diferentziak alde batera utzi eta esfortzuak bateratzea, gaitzak eragindako kalteak ahal zen moduan gutxitzeko.

Pandemiak kendu dizkigun besarkaden ordez, begiradak deskubritu genituen, inoiz aurretik ikusi ez genituen bezala. Hori ere ez dut ahaztuko.

2020aren amaierara itxaropen une batean heldu gara, sekulako abiada batean txertoa ekarri digun zientziaren lanari esker. 

Bizitza berreskuratzea eskatzen diot urte berriari, eta gertatutakoarekin ikastea; gure planeta zaintzea, zerbitzu publikoak, osasungintza, hezkuntza, zientzia indartzea. Gure gizartearen oraina eta etorkizuna gidatzen dugun ordezkarioi ardura eskatzen diot, pandemiaren ondorioak gehien pairatzen ari direnak atzean gera ez daitezen. 

Amaitzeko, benetako besarkada bat ematea eskatzen dut. 

Irati Osa, piraguista

Aurtengo urtea berezia izanda alderdi guztietan, covid-19aren urtea. Kirol munduan ere gauza asko aldatu dira, nire kasuan leihaketa guztiak suspenditu dira. Denboraldi guztia ziurgabetasunean egon gara leihaketak aurrera aterako diren edo ez itxaroten. Entrenamendu aldetik beste urteetan bezelakoa izan da, maskarila lagun dugularik bete duguna.

Berrogeialdian gogor entrenatu nuen kayak ergometroan eta azkenean ezin izan nuen urte guztian zehar egindako lana demostratu.

Hala ere, urte hinetan gogotsu hasi naiz nire lehen senior denborandian. Espero dut bakunarekin gauzak normaltzen hastea eta guztiok 2021 urtean gure zaletasunaz gozatzea!

Oier Korta, EAJko zinegotzia

Ez da urte erraza izan aurtengoa. Gauza asko gertatu zaizkigu urtean zehar. Pandemiak modu zuzenean eta gordinean jo gaitu herritar guztiok, eta zoritxarrez, gaixotasunaren ondorioz, hainbat herritarrek ere utzi gaituzte igaro dugun urtean. 

Egun bereziak bizitzen ari gara Gabon-Urteberri jai hauetan ere, sentimenduez eta oroitzapenez betetako egunak. Urte amaiera honetan etorkizunari baikor begiratzeko lagungarri zaigun itxaropen izpi bat ere piztu zaigu. Itxaropen hori ernetu eta datorren urterako, inoiz baino gehiago, osasuna eta bizi-poza izan dezazuela desio dugu. 

Hala ere egoera honek, oraindik elkarlan handia eskatzen du. Gure herria osatzen dugun guztion erantzun bateratua eta solidarioak funtsezkoa izaten jarraitzen du pandemia honek utzi digun egoera ekonomiko, sozial eta sanitario negargarriari aurre egin eta aurrera egiteko. 

EAJko gizon-emakumeok, behintzat, gure konpromiso politiko eta sozialean oinarrituta eta errotuta, horretan ahaleginduko gara. Konpromiso honen eredu da pandemiaren une gogorrenetan Udalean ordezkari dugun taldea erakusten ari den lankidetza-lana eta ekimena eta hala jarraituko dugu. Desadostasunak desadostasun, elkarlana eta lankidetza ahalbidetuz. 

Gure herria osatzen dugun guztion erantzun bateratua eta solidarioak funtsezkoa izaten jarraitzen du pandemia honek utzi digun egoera ekonomiko, sozial eta sanitario negargarriari aurre egin eta aurrera egiteko. 

Era berean, oraindik ere, erronka kolektibo honetan, norbanako bakoitzaren konpromisoa ere ezinbestekoa dela gogora ekarri behar dugu, beste behin ere. Banakako erantzukizuna aurrera egiteko bermerik onena dela konbentzituta, prebentzio neurrietan zuhurtasunez eta segurtasunez jokatzen jarraitzeko beharra azpimarratuz, herritar guztien inplikazioari dei egiten diogu berriro ere. 

Erronka kolektibo handi hori gaindituz gero, pertsona eta herri gisa indartuko gara eta pandemiak sortu dizkigun arazoetatik irteteko helburu nagusian lagunduko digu. 

Aurrera egingo dugu! Hilabete luze eta gogor hauen ondorio sozial eta ekonomikoak gainditu eta berriro zutik jarriko gara. 

Maitane Urbieta, Euskadi Irratiko kazetaria

2020. urtea ahaztuko ez dugun urtea izan da. Sekula bizi izan gabeko egoerak biziarazi dizkigun urtea, konfinamendutik hasita. Hitz berriak, momentuz geratzeko, ekarri dituen urtea: koronabirusa, PCRa, antigenoa… 

Kutsatuak eta hildakoak zenbatzea zerbait ohikoa bilakatu den urtea izan da 2020a. Mina eragin duen urtea. Senitarteko eta lagunak behar eta merezi bezala agurtzeko aukerarik eman ez duen urtea. Egoera gogorrak gogortu dituen urtea. 

2020a besarkadak eta muxuak, distantziagatik eta musukoagatik aldarazi dizkigun urtea izan da. Bizitza burbuila baten barrutik bizitzeko gonbitea luzatu digun urtea. Eta burbuila horiek lehertu eta “normaltasun berria” atzean uzteko esperantza txerto baten menpe utzi duen urtea. 

Tokio 2020. Olinpiar jokoak ere atzeratu ditu pandemiak. Baikorrak izanda, Iñigo Peñak denbora gehiago izango du entrenatzeko, domina amets eta Kauldi Odriozolak ere, bere balioa erakusten jarraitzeko beste urtebete izango du. Eta kirolaz ari naizenez, nire lanbideagatik barrutik bizitzen ari naiz harmaila hutsen hoztasuna eta zalerik gabeko neurketen isiltasuna. Eta ez daukat ahazteko, pandemiak zapuztu zigula apirilean jokatzekoa zen final euskaldun batek sortu zigun ilusioa eta harrotasuna. 

Nire lagun batek dioen moduan, garrantzitsuak ez diren gauzen artetik garrantzitsuenetik hasita, final horretaz gozatzeko aukera izan dezagula eskatzen diot 2021ari. Eta eskatzen hasita, Peru Nolaskoainen baimenarekin, Realak irabaz dezala. 

Eta, orain bai, gauza garrantzitsuetan zentratuta, 2021ari ziurgabetasun eta ezjakintasun egoera hau uxa dezan eskatzen diot. Besarkadak eta muxuak eskatzen dizkiot, betikoak eta betiko moduan, goxoak, estuak, beldurrik gabekoak. Lana eskatzen diot. Lana tamainan. Erietxeetako langileentzat aurten izan dutena baino gutxiago eta gehiago beharra izan dutenentzat. 

Eta guztiontzat Osasuna, bizi ahal izateko.

Agur 2020. Ondo portatu 2021. 

Iñaki Ostolaza, alkatea

Urtea esperantza handiarekin hasi genuen, egia esan. Aurrekontuak onartuta; legealdiko plana aurkeztuta, proiektu dezente aurrera eramateko; indarrak genituen, eta aukerak ere bai. Baina martxoa etorri zen, eta gainetik pasa zitzaigun tsunamiak esfortzuak gauza batzuetara bideratu beharrean, besteetara bideratzera eraman gintuen. 

Gauzak etortzen diren bezala hartu behar izaten dira, eta udalak dituen baliabide guztiak erabili zituen herritarrak egoera honetatik ahalik eta hobekien ateratzeko. Lehenbiziko olatua pasa ondoren, hasi ginen urterako genituen proiektuak bideratzen... hiru hilabeteko atzerapenarekin. Bigarren olatua ere pasa zaigu, eta orokorrean, pasatzen ari zaiguna ikusita, esan daiteke nahiko ondo pasa dugula urtea. 

Pandemia honek badu bere alde txarra: egoera psikologikoa, herritarrak pasatzen ari diren egoerak, egoitzetako jendea bizitzen ari dena, bidean geratu diren, zendu diren, hamar egoiliarrak... Baina nik uste, orokorrean, kontzientziatzeko balio izan digulakoan nago. Halako egoera baten aurrean alde batera utzi behar ditugu jarrera indibidualistak, eta jarrera kolektiboagoaren aldeko apustuak egin behar ditugu. Ikusi s dugu egoera txarretan kolektiboak salbatzen gaituela hondamenditik. Ikasgai indartsua izan dugu urte honetan, eta alde horretatik esan daiteke positiboa ere izan dela. Indibidualismoak alde batera utzi ditugu eta modu kolektiboan jokatzen eta pentsatzen hasi gara. Hori garrantzitsua da. 

Etorkizunari begira, udalgintzatik, genituen erronkak eta agintaldiko planteamenduak aurrera ateratzeko indarrarekin eta intentzioarekin gaude. Ikusiko dugu urtea nola doan, hirugarren olatua datorren edo ez, baina gure asmoa da pandemia eta polemikak alde batera utzi, eta agintaldiko plana aurrera eramatea. Horretarako etorri ginen udalera, eta horixe egingo dugu.