Errege Magoak Aitzurin izango dira urtarrilaren 5ean

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 30a, 10:54

Errege Magoak bisitatzeko gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira, internet bidez. Gehienez sei pertsonaz osatutako taldeak txandaka sartuko dira Aitzurira; talde horietako bakoitzak gonbidapen bakarra eskuratu beharko du. Izena emateko eta Errege Magoak bisitatzeko jarraibideak zehaztu ditu udalak.

Urtarrilaren 5ean, asteartea, Zumaia bisitatuko dute Errege Magoek. Ezin izango dute herrian ohiko itzulia eman eta kabalgata egin, baina Aitzuri pilotalekuan izango dira. Udalak iragarritakoaren arabera, herriko haurrei zuzendutako magiaz betetako ekitaldi laburra egingo dute. 

Zumaiako haur eta familiek Errege Magoak bisitatzeko aukera izango dute, beraz. Arratsaldeko 15:00etatik 19:00etara, zortzi txandatan antolatu dute bisita, eta udalak aurreratu du ezinbestekoa izango dela aurrez internet bidez sarrerak eskuratzea. 

Gonbidapenak familiaka

Jada eskuragai daude gonbidapenak, entradium.com atarian –plataformak arazoak eman ditu; konpondu dute dagoeneko–, hilaren 5eko 13:00ak arte. Honako zortzi txanda hauen artean aukeratu beharko dute bisitariek: 15:00, 15:30, 16:00, 16:30, 17:30, 18:00, 18:30 eta 19:00. Egunean bertan gonbidapen horiek inprimatuta eraman beharko dituzte ikusleek. Behar bereziak dituzten haurren gurasoei antolatzaileekin kontaktuan jartzeko eskatu diete kultura@zumaia.eus helbidera idatzita, gonbidapenak hartu ondoren.

Udalak nabarmendu du bisitak taldeka egingo direla, bizikidetza-unitateka edo familiaka. Gehienez ere, sei pertsonako taldeak osatu ahal izango dira, eta talde horietako bakoitzak gonbidapen bakarra beharko du. 

Jarraibideak

Ekitaldia behar bezala antolatzeko, jarraibide nagusiak gogorarazi nahi izan dituzte. Alde batetik, ordutegia errespetatzeko eskatu diete bisitariei, txanda hasi baino hamar minutu lehenago ilaran egoteko, eta jende pilaketak saihesteko. 

Gonbidapenak hartzerako orduan, arduraz jokatzea beharrezkoa dela esan dute antolatzaileek. Era horretan, ahalik eta familia gehienek parte hartu ahal izango dute. Gonbidapenik gabe ezinezkoa izango da Aitzurin sartzea. 

Azkenik, antolatzaileen irizpideei kasu egiteko eskatu dute. Jarraibideak errespetatzeaz gain, antolatzaileek beraiek esango diete bisitariei non kokatu. Ezin izango da tokia aukeratu. Gainera, gogoratu dute osasun neurriak betetzeko: taldeen arteko distantzia mantentzeko, maskarak jantzita edukitzeko eta sarrera-irteeretan eskuak desinfektatzeko. 6 urtetik beherako haurren kasuan maskara janzteko gomendatuko dute, baina da derrigorrezkoa izango.

Postontziak herrian zehar

Haurrek beren eskakizunak Errege Magoei helarazteko, postontziak jarri dituzte herriko puntu ezberdinetan –Kofradian, Kantauri plazan eta Aizkorri kalean–. Urtarrilaren 5eko iluntzera bitarte izango dira bertan; ondoren, udaletxeko langileek Errege Magoei eramango dizkiete gutunak.