Zumaiarrak, Europako zoriontsuenak

Baleike 2020ko abe. 28a, 10:12

Euskal Herriko, Alemaniako eta Italiako unibertsitateek egindako ikerlanaren emaitzak hala dio: zumaiarrak dira Europako Batasuneko biztanleen artean zoriontsuenak. Ikerketa taldearentzat "normala" da; "ingurune paregabea dute, paisaia zoragarriarekin, eta bizi kalitate ona".

Bizi kalitatea, ingurumena, zerbitzuak eta osasuna bezalako irizpideak hartu dituzte kontuan Europako herritarrei buruzko ikerketa egiteko. Inkesta ere egin dute, jakiteko zenbateko zoriontasun maila duten bateko eta besteko biztanleek. Elkarlanean egin dute ikerketa Euskal Herriko, Alemaniako eta Italiako hainbat unibertsitatek, eta prentsa oharrez jakitera eman dutenez, zumaiarrak dira Europako zoriontsuenak.

Batetik bosterako eskala batean, 4,6ko puntuazioa jarri diote beren buruei zumaiarrek. Beste muturrean Belgikako Bree hiriko herritarrak daude, zoriontasunaz galdetuta, 2,1eko batezbestekoarekin.

Ikerketa egin dutenentzat, "normala" da zumaiarrak "gustura" bizitzea: "Ingurune paregabea dute, paisaia zoragarriarekin, eta bizi kalitate ona. Gainera, ondo komunikatutako herria da, eta ohitura sozialak eta gastronomiaren kalitatea ere garrantzitsuak dira zoriontasuna sentitzerako orduan". Bada kontuan hartzeko beste faktore bat ere, ordea: kirola. "Frogatuta dago kirolak eragin zuzena daukala zoriontasun mailarekin, eta ikusi da Zumaian kirol asko egiten dutela herritarrek oro har".

Ikerketa taldeak datozen egunetan jarriko ditu emaitza guztiak ikusgai online.

Abenduaren 29ko oharra: albiste hau Inozente Egunekoa da, ez da benetakoa.