Aldaketak egin nahi ditu udalak Ardantzabideko aparkamendu sisteman

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 26a, 15:50

Herriko beste kale eta auzunetan ez bezala, Ardantzabiden urte osoan da indarrean aparkamenduak arautzeko sistema. Hori dela eta, auzune horretan aparkatzen duten bizilagunek urte osoko kuota ordaindu behar izaten dute. Neurri hori aldatzeko asmoa duela iragarri du udalak.

Udako hiru hilabetetan izaten da indarrean TAO sistema herrian, Ardantzabiden izan ezik. Auzune horretan urte osoan dago aparkamendua arautzeko sistema, eta horretak herriko beste auzune eta kaleetan ez duten kuota ordaindu behar izaten dute bertako bizilagunek. Herritar hauek kexu agertu dira sarritan, aparkatzeko kuota ordaindu bai, baina autoa uzteko lekurik aurkitzen ez dutelako. 

Udalak iragarri berri duenez, eremu hau urte osoko TAO eremutik kanpo ateratzea aurreikusten du. Hala, prestatzen ari diren aparkalekuen araudi berrian aldaketak egitea aurreikusten du Ardantzabiden: eremua urte osoan araututa egon beharrean, udako aldian soilik arautzea planteatzen du udalak. 

Hori horrela izanik, horri lotutako urte osoko tasarik ez kobratzea erabaki du udalak. Helbideratu gabe dutenek ere ez dute ordainketa egin beharko. "Eremu horretako bizilagunek udako aldirako txartela eskuratzeko gainontzeko herritarren prozedura berdina jarraitu beharko dute", iragarri du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide