Positibotasun tasak gora egin du Hego Euskal Herrian

Nerea Uranga 2020ko abe. 26a, 13:54

Herenegun baino kasu positibo gutxiago atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, 311 kasu. Dena den, test diagnostiko gutxiago ere egin zituzten atzokoan. Esaterako, Osakidetzak heregun egindako test kopuruaren ia erdia egin zuen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: ostegunean 7.217 proba egin zituen, eta 3.686 atzo. Positibotasun tasak, berriz, gora egin du: %6,4koa da Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek jakinarazi dituzte koronabirus kasuen inguruko azken datuak. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan 331 kasu positibo atzeman zituzten atzo, ostirala. Herenegun (514 kasu) baino kopuru txikiagoa da, baina atzo egindako test diagnostiko kopurua ere txikiagoa izan zen: 9.165 test egin zituzten ostegunean eta 4.858 atzo.

Osakidetzak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.686 test diagnostiko (7.217 herenegun) egin zituzten atzo, eta 228 kasu positibo hauteman zituzten. Positibotan tasak, ordea, gora egin du, %6,2koa da atzoko datuen arabera (%5,7koa, ostegunean).  Atzo ere Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien, 123; Gipuzkoan 63 kasu izan ziren eta 42 Araban.

COVID-19aren ondorioz, 23 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako erietxeetan eta ZIUetan 84 gaixo daude gaur-gaurkoz.

Nafarroan 83 kasu atzeman zituzten atzo egindako 1.172 PCR eta antigenoen probetan. Positibotasun tasak ia bi puntu gora egin du lurralde horretan: %7,1ekoa izan zen atzo eta %5,3koa herenegun. COVID-19aren azken egunetako garapen epidemiologikoa kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak urtearen bukaerarako neurriak ez dituela arinduko azaldu du, eta besteak beste, etxeratze agindua 23:00etan mantenduko du.

Bihar, aurreneko txertoak

Eusko Jaurlaritzak bihar, igandea, abiatuko du COVID-19aren kontrako txertaketa kanpaina. Adinekoen hiru egoitzatan jarriko dituzte bihar txertoak: Araban Ajuria egoitzan, Bizkaian Elorrioko Laguntza Zentroa-GUFE egoitzan eta Gipuzkoan Hondarribiko Caser Betharram egoitzan. Dagoeneko, hasita daude egoiliarrek txertoa hartu ahal izateko baimen agiriak sinatuta jasotzen egoitzaz egoitza.