Alberto Vicente: "Britainia Handitik irteteko erreserbarik ez baduzu, alperrik zabiltza; hau kolapsatuta dago"

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 23a, 13:00

Ondo bidean, Alberto Vicente kamioilari zumaiarra jaioterrira bidean izango da dagoeneko, azken egunetan Britainia Handian egon ondoren. Koronabirusak izandako mutazioaren ondorioz mugak ixtearen erabakiak bertan harrapatu du. Azken uneko arazorik ez bada, behintzat, kontinenterako ferrya hartzekoa zen gaur goizaldera.

Larunbatean heldu zen Alberto Vicente Ingalaterrara. "Larunbat gauean enbarkatu nuen Caenen (Frantzia), eta dena normal zegoen. Jai goizean jakin genuen mugak itxiko zituztela. Zurrumurru asko zeuden. Ingalaterra iparraldera bidaiatu nuen, kamioia kargatu, eta horixe, arazoak, dena ataskatuta", zioen zumaiarrak atzo gauean Portsmoutheko portutik.

Koronabirusak izandako mutazioak direla medio, mugak itxi zituzten larunbat gauerdian. 48 orduko epean ezingo zen Erresuma Batutik atera edota sartu. Horren ondorioz milaka kamioi geratu dira Erresuma Batutik atera ezinik. Heldu diren irudiak ikusgarriak dira: 70 kilometro luzeko ilarak Ingalaterrako hegoaldeko errepideetan, Dover inguruan. Aireportu bat ere egokitu behar izan dute kamioiak aparkatzeko. 

Zorionez, krisialdiak Portsmoutheko portuan aurkitu zuen Vicente. "Hau nahiko lasai dago, erreserbarik ez baduzu, ezin zarelako portuan sartu. Hemen dagoen jendea da erreserba duena eta itsasontzia hartzeko zain dagoena. Hemen, moilan, ondo gaude; portutik atera gaitezke kalera. Okerrago daude Doverren; kamino bazterrean edo aireportu batean sartu dituzte guztiak, eta han ez dute ezer ere. Hemen ondo gaude, baina okerrena zain egon beharra da". 

Atzo goizerako zuen erreserba eginda, Caenera itzultzeko. "Goizeko 8:00etarako nuen erreserba eginda, eta esan didate nahi banuen erremolkea bidaltzea nuela Caenera, baina ni ezetz. Caenera bidali dugu erremolkea ferryan, eta Getariatik haren bila igo dira lankideak, merkantzia, mariskoa, garaiz iristeko". Gidariak gaur goizean zuen aukera kontinentera itzultzeko.

Krisialdia asteburu honetan areagotu bada ere, kamioilariek pairatzen dituzten arazoak hilabete batzuk lehenagotik datozela dio garraiolariak. "Arazoak aurretik ere bazeuden, orain pare bat hilabetetik edo. Covidagatik ferry asko gelditu egin ziren, eta justu-justu dabiltza. Kamioi guztiak Dover eta Calais arteko Eurotuneletik doaz, eta kristoren ilarak sortzen dira. Gurekin dabiltzan txoferrek zazpi orduko ilarak egin zituzten pasa den astean. Zazpi ordu, pasa den astean ez zegoenean ezer ere. Herenegun erabakia hartu zuten 48 orduz itxiko zutela, eta han harrapatu dituzte guztiak. Lehen ataskoak bazeuden, ba pentsa orain". "Irteteko erreserbak eginda ez badituzu, alperrik zabiltza, ezingo duzu atera; hau kolapsatuta dago", gaineratu zuen.

Birusagatik beldurrik ez duela dio Vicentek. "Guk kontaktu askorik ez dugu izaten jendearekin. Itasontzi batetik zuzenean kargatu dugu iparraldean, hona etorri gara, eta hemen ez dugu kontakturik jendearekin".