Jarduera fisikoa egiteko erronkak izango dira Gabonetan, 'Zumaia sasoian' ekimenaren baitan

Arritxu Iribar eta Antxon Alberdi Gabon Sariaren aurkezpenean.

Abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra bitartean, zumaiarrei zuzendutako erronkak izango dira egunero www.zumaiasasoian.eus webgunean. Herritar gehienek egiteko moduko ariketak izango dira, eta helburua zumaiarrak aktibo mantentzea da. Parte hartzaileen artean herriko komertzioetan erabiltzeko bonoak zozkatuko dituzte.

Zumaiako Udalak eta Kirol Patronatuak Gabon Saria ekimena prestatu dute, Baleikerekin elkarlanean, zumaiarrak Gabonetan ere aktibo mantendu daitezen. Herritar gehienek egiteko moduko jarduerak proposatuko dituzte egunero, zumaiasasoian.eus webgunearen bidez.

Parte hartzen dutenek herriko dendetan erabiltzeko bonoak lortu ahal izango dituzte. Horretarako, egindako jarduera gorde beharko dute, mugikorrean edota bestelako gailuetan erabili daitezkeen aplikazioetako batekin. Ondoren, jarduera hori 629 503 369 telefonora bidali beharko da, Whatsapp aplikazioaren bidez,eta ondorengo datuak zehaztuz: erronkaren zenbakia, izen-abizenak eta erronkaren jarduera-grabaketa edo datuak azaltzen diren pantailaren argazkia (xehetasun guztiak zumaiasasoian.eus webgunean). Antxon Alberdi Kirol Patronatuko arduradunak azaldu duenez, jarduerak ez dira zertan egunean bertan egin beharko: “proposamenak egunero egingo ditugu, baina herritarrek, zehaztutako epearen barruan, nahi dutenean egin ahal izango dute jarduera”.

Jarduera-proposamenak abenduak 24an hasi eta urtarrilak 6an amaituko dira, eta herriko toki, kultura eta elkarteak izango dira erronketako protagonista. Hala, Alberdiren arabera, herriko txoko, baserri eta ibilbideak zein kirol elkarteen inguruko xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte zumaiarrek. “Erronketan, adibidez, Zumaiako arraunlariek estropadetan egiten duten distantzia oinez egiteko, Zumaiako zenbait baserri lotzen dituen ibilbidea ezagutzeko, edota herrian ditugun artelan desberdinak lotzeko proposamena egingo diegu zumaiarrei”, azaldu du.

Bizi dugun osasun egoerak kirola eta jarduera fisikoa egiteko ohiturak ere aldatu dituela nabarmendu du Arritxu Iribar: “Kirola taldean egiteko mugak daude edota ohiko kirol probak bertan behera gelditu behar izan dira, adibidez. Baina, era berean, herritar asko jarduera fisikoa egiteko ohitura berriak hartzen ari dira”. Hori horrela izanik, Gabonetan ere ohitura osasuntsuak sustatzeko helburua du Zumaiako Udalak.

Jarduerak, banaka edo bizikidetza-unitatearekin batera

Indarrean dagoen araudiaren arabera, kirol-jarduerak banaka egin behar dira, eta bizikidetza-unitateena da salbuespen bakarra.

Jakinarazi dutenez, jarduera familian eginez gero, partaide guztiak sartuko dira zozketan. Horretarako, jardueraren datuak bidaltzeaz gain, ibilbideko leku esanguratsu batean ateratako familia-argazkia bidali beharko da 629 503 369 Whatsapp zenbakira.