Garbiñe Arrieta Mendizabal: "Ilusioa jokatzen da, eta hori mundu guztiak dauka"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 22a, 07:46

34 urte daramatza Garbiñe Arrieta Mendizabalek (Zumaia, 1965) Martinez Kleisser kaleko leihatilan loteria saltzen. Bidelagun izan du azken 25 urteetan Jaione Azpiazu, eta hamaika bizipen partekatu dituzte elkarrekin. Gustuko du lanbidea zumaiarrak; batez ere, herritarrekin izaten duen zuzeneko hartu-emana maite du gehien

Deskribatuko al zenuke loteria eroslearen profila?

Bi loteria mota daude. Alde batetik daude Primitiva, Bonoloto, Euromillon… Horiek gazteek eta edadetuek, biek jokatzen dituzte. Apustu merkeagoak dira, baina sariak oso altuak izaten dira. Hori bai, tokatzeko aukera askoz txikiagoa da. Bestalde, dago loteria tradizionala, nazionala. Hori astero izaten da, ostegunetan eta larunbatetan. Ostegunetako loteria merkeagoa denez, gazteagoek ere jokatzen dute, baina larunbatekoa erosten dutenak edadetuagoak izaten dira. Gabonetako loterietan, berriz, mundu guztiak jokatzen du.

Adina aipatu duzu. Ba al dakizu, ordea, nolako ahalmen ekonomikoko jendeak jokatzen duen?

Alde horretatik ere denetik dagoela esango nuke. Dirua daukanak jokatzen du, baina dirurik ez daukanak ere bai. Jokatzen du behar duenak ere, ahal duena. Jolas bat bezalakoa da. Ez da pobreek gehiago jokatzen dutela aberatsek baino. Jokatze horrek ematen dizu aukera pentsatzeko zer egingo zenukeen tokatuko balitzaizu. Ilusioa jokatzen da, eta hori mundu guztiak dauka.

Nolako bilakaera eduki dute azken hamarkadetan salmentek?

Krisiaren aurretik egon ziren urte batzuk oso onak. Ekonomia aldetik oso garai onak izan ziren, eta guk ere igarri genuen. Esaten da krisia dagoenean gehiago jokatzen dela, baina nire esperientzian ez da hala izan. Jendeak gehiago jokatzen du patrikan dirua daukanean. Hilaren bukaerarako ez bazaizu iristen, lehenengo kentzen dituzun gastuak dira ez direnak beharrezkoak.

Apustu etxeen aurka sortutako mugimenduak eduki al du loteriaren pertzepzioan eraginik?

Jokatzeko bi era oso desberdin dira. Apustu etxeetan momentuko sariak ematen dituzte gehiago. Errazagoa da ludopatian erortzen apustu horiek jokatuta. Loterian zuk erosten duzu gaur, baina itxaron behar duzu saria ateratzeko egun bat, pare bat, edo hilabete bat. Modu hori ez da horren arriskutsua ludopatian erortzeko. Hala ere, hemezortzi urte baino gutxiago dituztenei ezin diegu ezer saldu eta nahi duenak, ikusten badu arazoa daukala jokoarekin, guk aholka diezaiokegu nora deitu. Ematen dizkigute ikastaro batzuk horretan sentsibilizatzeko. Kontuz ibiltzen gara gai horrekin.

Baliabideak badituzue, beraz, ludopatia kasuak detektatzeko. Gertatu zaizu horiek martxan jarri beharra?

Momentuz ez, ez dut beharrik izan.

Esan duzu herritarren ekonomia gaizki baldin badago igartzen dela loteriaren salmentan. Koronabirusaren eraginez, hasi al zarete hori nabaritzen?

Bai. Aurtengo kanpaina oso desberdina izango da. Gabonetako loterian asko igarriko da ostalaritza itxita egotea, hor asko saltzen delako. Bestalde, hemen leihatilan normal samar ari gara saltzen. Beherakada ikusi dugu udaran; jende gutxiago etorri da eta igarri da. Hala ere, ilusioa jendeak badauka. Horren harira, bide batez, animatu nahiko nituzke zumaiarrak Gabonetako erosketak herrian egitera, aurten inoiz baino inportanteagoa da eta.

Jende asko joaten da zenbaki jakin bat erostera?

Bai. Urtero eta astero edukitzen dugu jende asko etortzen dena bere zenbakiaren bila, bukaera zehatz baten bila…

Inoiz banatu duzu sari potolorik?

Bai, 2006an Euromillones-en eman genuen 9.650.339 euroko saria eta milioi bat euroko saria ere eman dugu abuztu honetan.

Horrelakoak igartzen al dira leihatilako salmentan?

Bai, igartzen da. Zabaldu egiten da berria, eta jende gehiago animatzen da probatzera.

Zer gustatzen zaizu gehien zure lanbidetik?

Niri asko gustatzen zait jendearekin kontaktua edukitzea. Bezero asko ditugu astero-astero etortzen direnak. Ezagutzen dituzu, badakizkizu beraien gustuak eta harreman horrek asko asebetetzen nau. Saria ematen dugunean, berriz, oso pozgarria izaten da. Guri tokatu izan balitzaigu baino gehiago; gure helburua betetzea bezalakoa da. Goia jotzea, berriz, Gabonetako sari potoloa banatzea izango litzateke.