Jarraitu TOKIKOM Sarien banaketa streaming bidez

Baleike 2020ko abe. 17a, 16:47

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da sari banaketaren emisioa. Sartu webgunera eta bertan izango duzue saioa ikusgai. 

Iritsi da aurten ere TOKIKOM Sariak banatzeko eguna. Sari hauen helburua sarritan ezezaguna den toki komunikabideen lan profesionala aldarrikatu eta gizarteratzea da, eta horretarako hiru sari ezberdin banatzen dira urtero: azalik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena. Aurten, gainera, publikoak bozketa bidez erabakitako ‘Komunitatearen saria’ ere izango da.

Urolako Komunikazio Taldeko hiru eduki dira sarietarako finalistak. Maxixatzen ‘Azalik onena’ saria irabazteko hautagaietako bat da, maiatzeko aldizkarian argitara emandako azalarekin; Karkaran argitaratutako Najat Kaanacheri egindako elkarrizketa ‘Eduki onena’ saileko lan onenen artean aukeratu dute; eta 'Ikus-entzunezkorik onena'-ren sarian Erlo Telebistak eta Baleikek elkarlanean egindako marea errotaren inguruko erreportajea da finalista. 

Sari banaketa streaming-ez

Pasa den urtean, Kronikak irabazi zuenez 2019ko edukirik onenaren saria, Hernanin egitekoa ziren aurtengo sari banaketa. Baina segurtasun neurriak tarteko, bertan behera utzi behar izan dute ekitaldi presentziala. Horrela, banaketa telebista saio baten bidez izango da. Gaur, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Streaming bidez ikusteko aukera izango da, Urolako Komunikazio Taldeko webgune guztietan.