Positiboen tasak ehundik gora jarraitzen du Zumaian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 16a, 15:34

Atzo 26 pertsonak eman zuten positibo eskualdean: hamahiruk Azpeitian, zazpik Azkoitian, lauk Zarautzen eta bik Zestoan. Zumaian ez zuten kasurik detektatu atzo. Hala ere, kasu metatuen tasak ehundik gora jarraitzen du herrian.

Atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urola Kostan 26 lagunek eman zuten positibo, aurreko astearteko probetan baino 20 gehiagok. Azpeitian, Azkoitian, Zarautzen eta Zestoan atzeman zituzten kasu berriak eta, une honetan, eskualdeko herri bat dago eremu gorrian: Azpeitia. Azken egunetan ez bezala, atzo ez zuten positiborik detektatu Zumaian.

Atzoko proben bidez eskualdean baieztatutako kasu positiboen erdiak izan ziren Azpeitian, hain zuzen, hamahiru –zazpi izan ziren astelehenean eta hiru igandean–. Hortaz, 650,95eko intzidentzia tasa metatuarekin –571,24koa zen herenegungo datuekin–, semaforoko argi gorriak piztuta jarraitzen du bertan.

Azkoitian ere hazi da detektatutako positibo berrien kopurua: zazpi kasu zenbatu zituzten atzo –bi izan ziren astelehenean eta hiru igandean–. Horrekin, 300eko langa gainditu eta eremu laranjara igaro da Azkoitia; izan ere, 241,89koa zen positibotasun tasa asteleheneko datuekin eta, gaur-gaurkoz, 300,28koa da.

Zarautzen ere, aurreko larunbateko eta osteguneko zenbatekoetatik urrun egon arren, herenegun baino positibo gehiago baieztatu zituzten atzo: lau. Bi emaitza positibo izan ziren astelehenean, eta bost igandean. 339,04ko intzidentzia tasarekin, beraz, oraindik eremu laranjan dago Zarautz.

234,80ko positibotasun tasa izanik Zestoa eremu berdea bada ere, bi positibo zenbatu zituzten atzoko probetan –bat izan zen astelehenean eta bat ere ez igandean–. Eskualdeko gainontzeko herrietan, ordea, ez zuten kasu berririk detektatu atzokoan. Dena den, azpimarratzekoa da eremu horian jarraitzen dutela Oriok nahiz Zumaiak, hurrenez hurren, 164,99ko eta 101,78ko intzidentzia tasa metatuak baitituzte.

Positiboen kopurua, egonkor

Atzo 13.165 test diagnostiko egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 4.312 gehiago. Hala ere, herenegungo datuekin alderatuta, ez zen gehiegi igo atzemandako positiboen kasua: atzo 582 izan ziren emaitza positiboak, eta soilik 60 gutxiago herenegun. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %4,4ko positibotasun tasa erregistratu zuten atzoko datuak kontuan hartuta –4,7%koa zen herenegun–. Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu gehien, 243, baina gertutik jarraitu zion Bizkaiak, 231 kasu baieztatuta. Araban 104 pertsonak eman zuten positibo.

Hiru lurralde historikoetan, denera, 58 lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, eta 99 pertsona daude ZIUn une honetan. Osasun Sailaren esanetan, abenduaren 7tik 13ra arteko datu metatuen arabera, 99 pertsona zendu dira COVID-19aren ondorioz.