Asteburuan zenbatutako beste lau positiborekin eremu 'horira' igaro da Zumaia

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 14a, 13:34

Aurreko asteburuko datuekin alderatuta, lurralde historiko guztietan egin dute gora zenbatutako kasu positiboek. 

Osasun Sailak argitara atera ditu joan den asteburuko datuak, eta igoera izan da detektatutako positibo kopuruan. Ostiraletik igandera bitartean lau positibo zenbatu dituzte Zumaian, eta azken datu horiekin, eremu 'horira' igaro da. Urola Kostako datuek ere nabarmen egin dute okerrera: guztira, 83 kasu lagunek eman dute positibo; aurreko asteburuan 35 izan ziren, 48 gutxiago.

Azpeitian eta Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 33 Azpeitian –hamahiru ostiralean, hamazazpi larunbatean eta hiru igandean– eta 24 Zarautzen –bost ostiralean, hamalau larunbatean eta beste bost igandean. Hala, 571,24ko intzidentzia tasa metatuarekin, eremu gorrira igaro da Azpeitia –ostegunean atzemandako hamaika kasu berriekin, 405,18koa zen tasa–. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak aurreko astean indarrean sartutako neurri eta irizpide berrien arabera, Azpeitiko ostalaritza lokalek ateak itxi beharko dituzte berriz, 500eko langa gainditu baitu herriko positibotasun tasak.

Zarautzen ere kolorez aldatu da semaforoa: 360,50eko positibotasun tasarekin, eremu laranjan sartu da berriz. Osteguneko datuekin, 442,04koa zen zenbatekoa, eta eremu horian zegoen Zarautz.

Azkoitian ere izan da igoera baieztatutako kasuen kopuruan: hamaika positibo detektatu dituzte –bost ostiralean, hiru larunbatean eta hiru igandean–, eta 266,91ko intzidentzia tasarekin, eremu horian dago une honetan. Dena den, ez da kolore hori piztuta duen eskualdeko herri bakarra: Orion bost positibo atzeman dituzte asteburuan eta eremu horira igaro da.

Zestoan bi lagunek eman dute positibo asteburuan, eta batek Getarian. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, aldiz, ez dute kasu bat bera ere atzeman.

Kasuek gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Koronabirusa hautemateko 21.975 egin dituzte asteburuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko asteburuko datuekin alderatuta, lurralde historiko guztietan egin dute gora zenbatutako kasu positiboek: 296 izan dira Araban, 658 Bizkaian eta 473 Gipuzkoan. Dena den, ostiraletik igandera artean jaitsi egin da hiru lurraldeei dagokien positibotasun tasa: %7,2koa izan zen ostiralean, %6koa larunbatean eta %6,1ekoa igandean.