Martin Amilibia: "Pistan korrika egitean, buelta bakoitzeko denbora bat egitea da ezinbestekoa"

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 13a, 14:29

Ez da urte erraza izan Martin Amilibiarentzat (Zumaia, 1986). Beste hainbat kirolarik bezala, etxean entrenatu behar izan zuen martxoko konfinamenduan, "maila mantentzeko". Hala ere, "gustura" dago korrikalaria, berriro ere hainbat lasterketa egiteko aukera izan baitu urtea amaitu baino lehen. 

Garai honetan hasten dira kros eta herri lasterketa gehienak. Aurten, ordea, desberdina izango da, ezta?

Bai. Normalean azaroan hasi eta martxora arte luzatzen da kros garaia, baita pista estaliko modalitatea ere. Egia da garai honetan herri lasterketak ere izaten direla, San Silvestre egunekoa kasurako, baina normalean beste bietan ibiltzen naiz ni. Aurten, ordea, koronabirusarekin, lasterketa herrikoi guztiak bertan behera gelditu dira momentuz, eta ez dut uste epe motzean berriro egingo direnik. Lehen konfinamendua arintzen hasi zirenetik berriro ere neurriak ezarri zituzten arte lau lasterketatan parte hartzeko aukera izan nuen eta, guztietan, beti ere, ez zen 15 pertsonako langa gainditzen. Neurriak berriro arintzen hasi dira orain, eta jakinarazi digute pista estaliko modalitatea berriro ere martxan jarriko dutela. Beraz, iruditzen zait abendu bukaeran zerbait egiteko gai izango naizela. Zortekoa naizela esan dezaket, federatu gabe daudenak ezin baitute ezer egin. Guk, gutxitan bada ere, aukera daukagu lehiatzen jarraitzeko. 

Hala eta guztiz ere, gehiagorako gogoa izango duzu ziur aski. 

Noski, atsegin dut korrika egitea, eta baita lasterketa mota desberdinetan parte hartzea ere, izugarrizko xarma baitu dortsala jantzi eta korrika egiteak. Gainera, lasterketetan parte hartuko duzula jakinda, motibazio gehiago edukitzen duzu entrenatzeko garaian ere. Bestela, oso gogorra egiten da aurrera jarraitzea. Neurri handi batean, horixe gertatu zaigu aurten, ez genekien noiz edukiko genuen aukera lehiatzeko, eta nahitaez entrenatzen jarraitu behar genuen, badaezpada. 

Krosetan eta pistan ibilitakoa zara batez ere. Zein duzu nahiago?

Desberdinak dira. Krosetan askoz ere gehiago gozatzen dut ibilbideaz, eta pistan, aldiz, erlojua eta denbora dira garrantzia duten elementuak. Pistan zabiltzanean, buelta bakoitzeko denbora bat egitea da ezinbestekoa, eta denborak zuk nahi duzunarekin bat ez datozenean, gaizki pasatzen duzu. Txanponaren beste aldean dago, ordea, denborak lortzen dituzunean sentitzen duzun harrotasuna eta poztasuna. Momentuz, jarraitzeko asmoa daukat, eta ahal bada, hobetzen jarraitu nahi dut. 

Martxoko konfinamendua nola eraman zenuen?

Pertsonalki ez nuen oso gaizki pasa. Izan ere, nire bikotearen familiak eliptika bat zuen, eta horrekin ibili nintzen. Arrabola berezi bat ere erosi nuen, telebistarekin konektatzen dena, eta horrek asko erraztu zizkidan gauzak. Zinta bat ere erosteko asmoa izan genuen, baina ez nuen nahi etxean gimnasioa muntatu, eta neuzkan tramankuluekin igaro nuen konfinamendua. Gainera, ez genekien zenbat iraungo zuen lehen konfinamenduak. Egunero-egunero egiten nituen ariketak, bi gailu horiekin, baina baita etxeko leku desberdinetan ere. Interneteko ariketa bideoak ere oso baliagarriak izan ziren.  

Konfinamendu osteko lasterketetan alderik nabaritu al duzu gorputzean?

Atera ginenean gorputza motelago sumatu nuen, bai, baina normala da hori, alfertu egiten baita. Abuztuan suertatu zitzaigun lehen proba, baina gu ordurako intentsitate txikian ari ginen entrenatzen, pixkanaka-pixkanaka. Hala ere, uste baino emaitza hobea lortu genuen lehen proba hartan, nahiko harrigarria izan zen hura. Lehenengoan uste baino emaitza hobeak lortuta, bigarrengoan helburu handiagoak jarri nizkion neure buruari, baina gehiegizkoak izan ziren. Azken finean, bide bat dago helburu guztietan, eta ezinezkoa da pausoak nahi bezala ematea. Egia esan, ondo etorri zitzaidan errealitatea zein zen jabetzeko. 

Zer neurri hartu dira lasterketetan COVID-19arekin lotuta?

Herrian entrenatzerako garaian, inguruan norbait baldin badabil maskara jantzita eramaten dut, eta ikusten dudanean bakarrik nagoela, kendu egiten dut normalean. Hala ere, nik beti eramaten dut gainean, badaezpada, norbaitekin elkartzen banaiz edo. Pistako modalitatea entrenatzen dudanean, aldiz, berotzeko momentuan janzten dugu maskara, eta talde txikitan egiten dugu beroketa saioa. Korrika hastean, ordea, jendeak ulertzeko zaila bada ere, ezinezkoa da maskararekin jarraitzea, beraz, kendu egiten dugu. Hala ere, oso jende gutxi elkartzen gara, eta beti ibiltzen gara distantziarekin. Lasterketei dagokionez, berriz, azken momentura arte jantzita edukitzen dugu musukoa, eta korrika hasten garenean kendu.