Urtarrilaren 9an elkartasun ekimen "erraldoia" egin nahi dute Zumaian

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 12a, 15:00

Sarek urtero urte hasierarekin batera manifestazio nazionala egin izan du preso eta iheslarien eskubideen alde. Aurten, horren ordez, herriz herri egingo dira ekintzak. Zumaian, Itzurun hondartzan izango da hitzordua, eta antolatzaileek herritarrei eskatu diete izena aurrez emateko.

Aurreko urteetan bezala, 2021a hastearekin batera euskal preso eta iheslarien eskubideen alde kalera aterako dira milaka eta milaka herritar. Aurten, ordea, Sare elkarteak aldatu egin du protesta egiteko modua. Orain arte Bilbon manifestazio nazionala egiten zen, baina hori alde batera utzi, eta herriz herri egingo dituzte ekintzak urtarrilaren 9an.

Zumaian, Itzurun hondartza aukeratu dute mobilizazio jendetsua egiteko. Urtarrilaren 9an, 13:00etan izango da elkartasun ekintza. Prentsa ohar bidez aurreratu dutenez, hondartzaren goialde osoa herritarrekin bete nahi da. "Auzi honetan herritarrok dugun erantzukizuna hartuz, preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarria egingo da. Testuingurua dela eta, are garrantzitsuagoa da ekimen masibo honetarako izena ematea".

Horregatik, izena emateko epea zabalik dago jada, eta hori Internetez esteka honetan, nahiz ondorengo lekuetan egin daiteke:

  • Inper
  • Metro
  • Institutua
  • Nikol
  • Kantauri

Hala jakinarazi dute Etxerako, elkarbizitzarako, bakerako bidea gara lelopean ateratako karteletan.