Gaurko eta biharko lanuzteekin, 246 egun egingo dituzte greban Gipuzkoako zentroetako beharginek

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 10a, 14:40
Eskualde mailako protesta Zarautzen egin dute langileek gaur eguerdian (Dorleta Agiriano Lai)

Grebara jo dute berriz adinekoen egoitzetako langileek, sektorea duin egitea aldarri. Gaurko eta biharko dituzte deituta grebak, eta hainbat herritan egin dituzte bilkurak; Urola Kostan, Zarautzen elkartu dira.

Blokeatuta jarraitzen du sektoreko lan-hitzarmenaren gaineko negoziazioak, eta langileek salatu dute haien eskakizunei entzungor egin dietela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta enpresek. Gaurko eta biharko lanuzteekin, 246 egun egingo dituzte greban Gipuzkoako zentroetako beharginek.

Gaurkoan, Zarautzen egin dute protesta eskualdeko beharginek, eta sektorea duin egitea exijitu dute berriz; besteak beste, langile kopurua handitzea eskatu dute, pandemia garaian sektorean azaleratu diren "egiturazko" gabeziei aurre egiteko.

Zarauzko Maria Etxetxiki eguneko zentroko langile batekin, Zumaiako Otezuri egoitzako langile batekin eta Orioko eguneko zentroko langile batekin hitz egiteko aukera izan du gaur hedabide honek. Elkarrizketa, laster irakurgai Baleike.eusen.