Grebara deitu dute Gipuzkoako egoitzetan ostegunerako eta ostiralerako

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 7a, 15:48

Borrokan jarraitzen dute adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek: enpresek nahiz instituzioek haien aldarrikapenei entzungor egiten dietela salatu dute, eta grebara joko dute berriz aste honetan. Zarautzen elkarretaratzea egingo dute ostegunean, udaletxe aurrean.

Bere horretan jarraitzen du Gipuzkoako egoitzetako gatazkak. Langileek jakinarazi dute enpresek eta instituzio publikoek ez dituztela haiek egindako eskakizunak betetzen; esaterako, sektoreko lan-hitzarmena egokitzea nahiz egoitzetako behargin kopurua handitzea. Hala, borrokan jarraitzen dute, eta greba egingo dute berriz aste honetan: ELA eta LAB sindikatuek ostegunerako eta ostiralerako, hilak 10 eta 11, deitu dute grebara.

Hitzarmena aldatzea aldarrikatuko dute beste behin, eta orokorrean, egoitzetako sistema aldatzea galdegingo dute. Izan ere, "pribatizazioan eta langileen prekaritatean" oinarritzen dela diote, eta horrek eragin zuzena duela egoiliarren zaintzan eta jasotzen duten arretan. LABek seinalatu du pandemiak azalera atera dituela adinekoen egoitzek aldez aurretik zituzten gabeziak.

Protesta Zarautzen

Langileek mobilizazioak egingo dituzte ostegunean Gipuzkoako hainbat udalerritan, tartean, Zarautzen. 11:30ean jarri dute hitzordua udaletxe aurrean, eta aldarrikatuko dute "inoiz baino gehiago, hitzarmenaren ordua" dela. Ostiralean, aldiz, Donostian batuko dira sektoreko beharginak; 11:00etan Gipuzkoa Plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute.

Sindikatuek iragarri dutenez, Gipuzkoako udalerri guztietan alkateei zenbait eskaera formal helarazteko asmoa ere badute.

Greba eskubidea, urratuta

Pasa den azaroaren 17an ere mobilizaziora jo zuten egoitzetako langileek, baina salatu zuten instituzioek greba eskubiderik gabe utzi zituztela, ezarritako gutxieneko zerbitzu altuen bidez. "Gutxieneko zerbitzu minimo hauek oso argi erakusten dute gure instituzioek zaintza sektoreko enpresekiko duten erabateko menpekotasuna", adierazi zuten orduko hartan. Urola Kostan, Zumaian egin zuten protesta azaroko greban.