Datorren urtean hasiko dira Narrondo eta Arroa Behea lotuko dituen bidegorri zatia egiten

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 7a, 10:51

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Saileko Rafaela Romero diputatuak sinatutako agiri ofiziala jaso du Zestoako Udalak, eta bertan zehazten denez, 2021ean hasiko dituzte bide berdea eraikitzeko lanak. Berri horren aurrean, "pozik" azaldu da Zestoako Udala.

Joan den ekainean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak zera jakinarazi zion Zestoako Udalari: 2020an bide berdea eraikitzen hasteko lanak atzeratu egin beharko zirela. Arrazoien artean zeuden COVID-19ak sortutako eragozpen ekonomikoak eta Eusko Trenbide Sareak eman beharreko baimena atzeratu izana.

Geroztik, Zestoako Udala Mugikortasun Sailarekin harremanetan egon da, eta udalak sailarekin hitzartutako Arroa Beheko lotura eraikitzen ari da herri erakundea. Lan horien kostua Zestoako Udalak finantzatuko duenez, udalak aldundiari behin eta berriz adierazi izan dio beharrezkoa dela bide berdea amaitzeko lanak berehala hastea, “bide berderik gabe udala eraikitzen ari den loturak zentzurik ez” lukeelako.

Gauzak horrela, Zestoako alkateak jaso berri du aldundiko Mugikortasun Saileko Rafaela Romero diputatuak sinatutako agiri ofiziala. Agiri horretan, zera zehaztu dute: falta ziren baimenak eskuratuta eta aurreikusitako aurrekontua 2021era bideratuta, Narrondo eta Arroa Behearen arteko bide berdea datorren urtean hasiko direla eraikitzen.

Era berean, Iraetako bi tuneletako ikuskaritza teknikoak ere egiten ari direnez, aipatutako zatiko obrak amaitu orduko helduko diote Iraetara bitartekoari. “Ondorioz, bizi dugun egoerak esku artean ditugun proiektuetan izan dezakeen eragin kaltegarriaz kezkaturik egonda ere, Zestoako Udalak bere poza adierazi nahi du”, azaldu du erakundeak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide