Banatu dituzte Julene Azpeitia lehiaketako sariak

Maria Maya Manterola 2020ko abe. 4a, 15:15

Atzo banatu zituzten 33. Julene Azpeitia lehiaketako sariak, Euskararen Egunez. Amaia Iturriotzen, Urt Zubiaurreren eta Angel Galloren lanak saritu ditu aurtengoan epaimahaiak. Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, 'Agur eta dolore' antzezlan laburra eskaini zuten Iraia Eliasek eta Miren Gaztañagak.

Atzo, osteguna, banatu zituzten 33. Julene Azpeitia lehiaketako sariak, Euskararen Egunez. Aita Mariko zine aretoan egindako ekitaldian Josune Herrarte Zumaiako Udaleko Euskara teknikariak azaldu zuen inoiz baino lan gehiago jaso dituztela edizio honetan, 70etik gora, hain zuzen ere. Horietatik sei dira zumaiarrek aurkeztutako lanak, eta Herrarteren arabera, pozik egoteko moduko uzta da herrikoengandik jasotakoa. 

Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatu dute epaimahaia, eta haien ebazpenaren arabera, aurtengo lanik onenak dira Amaia Iturriotzen, Urt Zubiaurreren eta Angel Galloren ipuinak. Ibaiak gainez lanarengatik irabazi du saria estreinakoz Amaia Iturriotzek (3.000 euro). Zubiaurrek bigarren saria (1.500 euro) eskuratu du Ganbara izeneko ipuinarekin, eta Gallok, aldiz, Zumaiako onenaren saria lortu du. 20 urte eta gero lana aurkeztu zuen lehiaketara.

Maddi Aldalur eta Ainhoa Illarramendi zinegotzien eta Iñaki Ostolaza alkatearen eskutik jaso zituzten sariak, eta alkateak aipatu zuen Julene Azpeitia lehiaketaren bitartez 33 urteotan hartutako konpromisoari eutsiz euskarazko literaturaren alde egingo dutela beste hainbeste urtean.

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Kamikaz kolektiboaren eta Ttak! konpainien eskutik, Agur eta dolore antzezlana ikusteko aukera izan zuten Aita Marira bertaratutakoek. Iraia Eliasek eta Miren Gaztañagak taularatu zuten Amancay Gaztañagak zuzenduriko lana.