Kauldi Odriozola, Egiptoko Munduko txapelketarako Espainiaren lehen zerrendan

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 2a, 08:28
Kauldi Odriozola Jon Azkue oriotarrarekin.

Egipton jokatuko da 2021eko Munduko eskubaloi txapelketa, urtarrilaren 13tik 31ra bitartean. Espainiakoa selekzioko hautatzaileak lehen zerrenda bat egin du, eta bertan da Kauldi Odriozola jokalari zumaiarra. 

Hilabete eta erdi barru hasiko da 2021eko Munduko eskubaloi txapelketa, Egipton. Urtarrilaren 13tik 31ra bitartean jokatuko da txapelketa hau, eta parte hartuko duten selekzioak hasi dira prestaketa lanetan. 

Espainiako selekzioko hautatzaile Jordi Riberak 35 jokalariz osatutako lehen zerrenda bat osatu du, eta horien artean da Irungo Bidasoa taldeko jokalari Kauldi Odriozola. Zumaiarrak badu esperientzia Espainiako selekzioarekin. Junior mailan, Europako txapeldun izan zen 2016an, eta urtebete geroago egin zuen debuta maila absolutoko selekzioarekin. 

Eskualdeko beste jokalari bat ere sartu du Riberak lehen zerrenda honetan: Jon Azkue oriotarra, hain zuzen ere. Bidasoako jokalaria da hau ere. 

35 jokalari horietatik hogeiko taldea osatu beharko du Riberak. Mundial honek duen berrikuntzetako bat da hau: normalean hamasei jokalariz osatzen dira selekzioak, baina pandemia dela eta hogeira igo du Federazioak txapelketara eraman daitekeen jokalari kopurua.

Espainiako selekzioa B multzoan ariko da Egipton, eta Tunisia, Brasil eta Polonia izango ditu aurkari. Urtarrilaren 15ean Brasilen aurka ariko da, 17an Polonia izango du aurkari, eta lehen faseko azken partidan, hilaren 19an, Tunisiaren aurka ariko da. Lehen fase honetako helburua lehen hiruen artean sailkatzea da, horren main rounda jokatzeko txartela ematen duelako.