Biodibertsitatea, gizakiaren morroi?

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2020ko aza. 29a, 09:21

Azken urteotan ohikoa da ekosistemen zerbitzuei buruz hitz egitea. Agintariek erabakiak hartzeko momentuan ingurumena kontuan har dezaten, ekosistemen balio ekonomikoa haztatu ohi da, eta horrek eztabaida piztu du. Batzuen iritziz, guztiz beharrezkoa da; beste batzuek diote, aldiz, ikuspegi hori oso antropozentrikoa dela eta ingurumena moneta bihurtzea dakarrela.

Definizioz, biodibertsitatea hauxe da: haien artean eta ingurunearekin elkar eragiten duten izaki bizidunen aniztasuna. Eta biodibertsitate horren elementu ezagunenak espezieak baldin badira ere, ekosistemak eta geneak ere termino zabal horren parte dira. Jakina, giza espeziea multzo horretan dago, eta biodibertsitate horrek dakarkion onuraz baliatzen da; izan ere, haren ongizatea, neurri handi batean, sistema ekologikoek doan ematen dizkioten zerbitzuen mende dago.

Besteak beste, elikagaiak, basoko produktuak, ziklo naturalen erregulazioa edo klima aldaketara egokitzeko gaitasuna dira zerbitzu horietako batzuk. Eta, horiez gain, gizakiari biodibertsitateak beste onura batzuk ere ekarri ohi dizkio, materiazkoak baino gehiago, estetikoak edo espiritualak direnak. Gainera, gizakiari bere probetxurako eskaintzen dionaz aparte, ezin da ahaztu aniztasun biologikoaren berezko balioa.

Hortaz, ekosistemen zerbitzuak pertsonek ekosistemen funtzionamenduaren ondorioz naturatik lortzen dituzten onurak dira. Hala, ekosistemen zerbitzuek giza ongizateari eta bizi kalitateari laguntzen diote, baina ez bakarrik ekonomiaren arloan, baita osasunean edo segurtasunean ere.

Zerbitzuak multzokatuta

Munduko zientifikoek ekosistemen zerbitzuak hiru multzotan sailkatu ohi dituzte:

Lehenbizikoak ekosistemetatik zuzenean lortutako produktuak dira, hala nola, ura, lehengaiak (egurra, ehunak...), energia edo elikagaiak. Horiek hornidura zerbitzuak dira.

Beste batzuk ekosistemen berezko funtzionamenduaren ondorioz zeharka lortutako erregulazio zerbitzuak dira. Horietatik, bereziki nabarmentzen dira polinizazioa, klimaren erregulazioa edo uholdeen, gaixotasunen eta izurriteen kontrola.

Amaitzeko, zerbitzu ukiezinak daude, herritarrek zuzeneko esperientziaren bidez bizi dituztenak eta izaera kulturalagoa dutenak. Kultura zerbitzu horien taldean sailkatu ohi dira, besteak beste, paisaiaren gozamen estetikoa, aisialdiko jarduerak eta ezagutza zientifikoa.

Batzuetan, laugarren multzo bat ere aipatzen da: euskarri zerbitzuena; izan ere, ekosistemak espezieen habitatak dira, baita dibertsitate genetikoa gordetzeko tokiak ere.

Ekosistemen zerbitzuak. Natural Environment Research Council-etik moldatuta.
 

Dena ez da prezioa, baina...

The Economics of Ecosystems and Biodiversity edo TEEB (Ekosistemen Ekonomia eta Dibertsitate Biologikoa) esparruaren barruan, Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruz UNESCO Katedrak Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistemen zerbitzuak aztertu eta haien kartografia egin du.

TEEB delakoa naturaren balioak ikusarazi nahi duen ekimen globala da, eta haren helburu nagusia hauxe da: erabakiak hartzeko maila guztietan biodibertsitatearen eta ekosistemen balioak sartzea. Horretarako, balorazioa modu egituratuan egiten da, erabakiak hartu behar dituztenek ekosistemek eta bioaniztasunak eskaintzen dituzten onurak ezagut ditzaten. Emaitza, hein handi batean, termino ekonomikoetan erakusten da, lurraldea modu iraunkorrean planifikatzeko eta kudeatzeko erabakiak hartzeko orduan balio horiek kontuan har daitezen.

Euskadiko ekosistemen zerbitzuen ebaluazioa izeneko proiektua 2008. urtean hasi zen, Bizkaian, eta lantaldean, ikertzaileek, gizarte-erakundeek, tokiko administrazioko teknikariek eta arduradun politikoek hartu zuten parte. Ekimena 2016. urtean aurkeztu zuten eta haren txostenak eta kartografia ikusgai daude; hortaz, hurbileko ekosistemetako zerbitzu batzuk ezagutzeko aukera ematen digute.

Tokiko begirada bat

Aztertutako gai guztiak hona ekartzeak luze joko luke, eta, adibide moduan, zerbitzu gutxi batzuei baino ez diegu erreparatuko. Esan gabe doa aldagai bakoitzaren indizeak kalkulatzea oso prozesu konplexua dela, azkenean formula matematiko batean laburbiltzen dena. Beraz, horretan sakondu gabe, saiatuko gara laburbiltzen zerbitzu bakoitza aurkezteko orduan indizea zertan oinarritzen den.

2. irudian Zumaiako udalerriak dibertsitate naturala gordetzeko duen ahalmena ikus daiteke. Ahalmen hori zenbatzeko, dibertsitate naturalaren indizea kalkulatu da, parametro hauetan oinarrituta: bertako landare natiboen aberastasuna, habitataren kalitatea, lurraldearen babes maila eta dibertsitate geologikoa. Nabarmen ikusten denez, hiritartutako guneek apenas dute dibertsitate naturala mantentzeko ahalmenik; eta haren gotorlekuak, berriz, herriko basoak, padurak, dunak eta itsaslabarrak dira. Belazeak paisaiaren puzzlearen zati nabarmenak dira, baina dibertsitatea gordetzeko ahalmen txikia dute.

Dibertsitate naturala gordetzeko ahalmena.
 

Jarraian, herriko babesguneek karbonoa biltzeko duten gaitasunari erreparatuko diogu, Deba-Zumaia Biotopo babestuari eta Urolako itsasadarreko Kontserbazio Bereziko eremuari, hain zuzen. Kasu honetan, balioa kalkulatzeko, aurrez, biomasan eta lurzoruan pilatzen den karbono kopurua kalkulatu beharra dago.

Emaitza 3. irudian ikus daiteke eta kasu honetan ere basoak agertzen dira podiumaren lehen postuan. Beste muturrean, errioa, itsaslabarrak eta Santiagoko hareatza ageri dira, karbonoa finkatzeko ahalmen txikiagoarekin.

Karbono biltegiak.
 

Bukatzeko, 4. irudian, Zumaiako lurraldeak uholdeei aurre egiteko potentzialtasuna islatzen duen mapa aztertuko dugu. Kartografia egiteko, arroko ekosistemek ura atxikitzeko duten ahalmen maximoa hartu da kontuan; izan ere, eurite handiko garaietan, landarediak euriaren erorketa arintzen du eta haren fluxua moteldu egiten du. Hala, lurzoruak ura xurgatzeko eta ibaietara deskargatzeko denbora tartea luzatu egiten da.

Uholdeei aurre egiteko gaitasuna.
 

Mapan ikusten denez, maila baxuko tokiak eta basoak dira uholdeei aurre egiteko lekurik aproposenak; eraikitako guneek, berriz, ia ez dute ura absorbitzen, eta, horren ondorioz, uholdeak ekiditeko duten ahalmena ere urria da.

Ekin baino lehen, hausnartu

Zuzenean edo zeharka, argi dago aniztasun naturalaren aldaketek giza ongizateari eragiten diotela; izan ere, sarritan, aldaketa horiek arriskuan jartzen dute ekosistemen funtzionamendua eta, horren ondorioz, gizartearentzat funtsezkoak diren zerbitzuak sortzeko gaitasuna. Beste era batean esanda, ingurua kontserbatu gabe ez dago zerbitzu onak jasotzeko aukerarik.

Hortaz, ekosistemen balio ekonomikoa ezarri behar ote den eztabaida albo batera utzita, zalantzarik ez dago: naturaren gainean eragindako kalteak gure teilatuan bertan botatako harriak dira. Eta horrek zer pentsatu eman beharko liguke.