2020an sei indarkeria kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuek

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 25a, 11:39

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da gaur, azaroak 25. Gizarte Zerbitzuek urtero ematen dituzte datuak, eta iazkoak baino okerragoak dira aurtengoak, iaz bost kasuren berri izan baitzuten udal zerbitzu horretan, eta aurten, dagoeneko kasu bat gehiago egon da. Sei emakume horietatik lauk, gainera, seme-alabak dituzte, eta horiek ere biktima direla gogorarazi dute.

Gaur zortzi plazaratutako datuak dira: Zumaian, aurten, indarkeria matxistaren sei kasuren berri eduki dute Gizarte Zerbitzuek. Iaz, urte osoan, bost kasu artatu zituzten. Indarkeria kasuak hazi egin dira, beraz.

Erasoa jasan duten emakumeak 21 eta 41 urte bitartekoak direla jakinarazi dute udal zerbitzu horretako ordezkariek, eta kasu bakar batean izan ezik, bikotea, ezkontidea edo bikote ohia izan direla erasoa egin dutenak. Sei emakumeetatik lauk seme-alabak ere badituzte, eta ondorioz, horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak direla azpimarratu dute.

Eraso motei dagokienez, batek sexu-indarkeria jasan du, beste batek indarkeria fisikoa eta psikologikoa, eta beste laurek indarkeria psikologikoa. Bik jarri dute salaketa, eta gainontzekoek uko egin diote beren kasua sistema judizialaren aurrean salatzeari.

Ertzaintzaren datuen arabera, berriz, lau izan dira zenbatutako kasuak. Gizarte Zerbitzuetako arduradunen arabera, ez dago jakiterik kasu berak diren ala ez, "instituzioen artean informazioa trukatzeari dagokionez hutsune handiak daudelako", Karmele Gomez Berdintasun teknikariaren arabera.

Kontuak kontu, eraso gehienak salatu gabe gelditzen dira, eta Gizarte Zerbitzuetara ere ez dira iristen.

Indarkeria matxistarekin lotuta, hitzaldi interesgarria egon zen atzo arratsaldean herrian Sheila Melcon adituaren eskutik. Hemen dago irakurgai Melconi egindako elkarrizketa.