Mendebaldeko Sahararekiko elkartasunez kaleak hartu dituzte zumaiarrek

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 21a, 15:30

Marokok su eten akordioa hautsi ondoren, beste hainbat herritan egin bezala, Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazteko mobilizazioa egin dute ehunka zumaiarrek.

Manifestazio jendetsua izan da Zumaian gaur, larunbata, Mendebaldeko Saharari eta Fronte Polisarioari elkartasuna adierazteko. Beheko plazatik abiatu da mobilizazioa, eta Amaia plazan itzulia eman ondoren amaitu da leku berean. Ibilbidean zehar Sahararen askatasunaren eta Fronte Polisarioaren aldeko oihuak entzun ahal izan dira. 

Amaitzeko, Zumaian bizi diren sahararrek eta Darahliko kideek hartu dute hitza. Auziari behin betiko konponbidea emateko erreferendumaren beharra aipatu dute sahararrek, eta Espainiako estatuari eskatu diote Marokori armarik ez saltzeko.

Joan den astean 1991tik indarrean dagoen su eten akordioa hautsi zuen Marokok. Rabatek armada bidali zuen Guergueratera, herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugara, dozenaka manifestari sahararrek urriaren 21ean ezarri zuten garraio blokeoa desegitera. Horren aurrean, Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen larunbatean Mendebaldeko Saharan.