Indarkeria matxista deuseztatzera bidean, erantzukizunak hartzeko eskatu du mugimendu feministak

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 21a, 10:30

Azaroaren 25aren harira, 'Atera kontuak' kanpaina jarri du martxan Zumaiako Mugimendu Feministak. Aurreko urteetan testigantzak bildu, indarkeriak identifikatu eta emakumeen arteko sareak osatu ondoren, aurten gizonei dagokien erantzukizuna hartzeko eskatu diete.

Zumaiako Mugimendu Feministak Atera kontuak kanpaina jarri du martxan Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren bezperatan. Aurreko urteetako kontatu eta osatu dinamikei jarraipena eman diete hala: indarkeriak kontatu eta osatzeko lanak egin ondoren, indarkeria matxista deuseztatzera bidean, erantzukizunak hartzeko eskatu dute. Azaroaren 25ean elkarretaratzea egingo dute, 18:30ean Beheko plazan. 

"Emakume guztiok jasan dugu erasoren bat, baina inork ez du ezagutzen erasoren bat egin duen gizonik", azaldu dute. Ideia horri eutsi diote erantzukizun horiek eskatzeko. Gogoratu nahi izan dute "gutarrak" direla erasoak egiten dituzten gizonak: "Gure bikoteak, aitak, anaiak, lagunak...". Ideia horretatik abiatuta, interpelazio kanpaina bat egin dute, jarrera horiek dituzten gizonek hausnartu dezaten.

Emakumeek lanketak egiteaz gain, mugimendu feministaren ustez beharrezkoa da gizonak beren jarrerak aztertzea eta erantzukizunak hartzea. "Gizonei zuzenduz jarri ditugu herriko hainbat bazterretan kartelak, etxetik ateratzean, lanera joatean edo erosketak egitean ikusi ditzaten; ikusi dezaten indarkeria adina bizipen daudela gu guztion baitan", azaldu dute.

#kontatu, #osatu, eta Atera kontuak

Hain zuzen ere, duela bi urteko Azaroaren 25aren harira jarri zuten martxan #kontatu dinamika, indarkeriarekin lotutako emakumeen bizipenak eta testigantzak jasotzeko. Indarkeriaren identifikazioan pausoak ematea zen helburua. Iaz, #osatu dinamikari heldu zioten: emakumeen arteko sareak eraikitzean jarri zuten fokua, eta erakusketa baten bidez indarkeriaren identifikazioan eta emakumeen ahalduntzean jarri zuten azpimarra. Bi kanpaina horien segida da aurtengoa, mugimendu feministak azaldu duenez.