Janaririk erosi gabe ere alkoholik gabeko edariak eskuratu ahal izango dira tabernetan eta jatetxeetan

Janari-eskaera baten parte ez bada ere tabernetan zein jatetxeetan alkoholik gabeko edariak zerbitzatzea baimendu du Eusko Jaurlaritzak. Halere, edari horiek bide publikoan kontsumitzea ez dela "komeni" nabarmendu du erakundeak.

Ostalarien jarduera asko murriztu zuen Eusko Jaurlaritzak hil honen hasieran, eta tabernek nahiz jatetxeek egoera berrira egokitu behar izan dute beren jarduna. Azken egunetan etxera eramateko janariarekin soilik zerbitzatu ahal izan dituzte alkoholdun nahiz alkoholik gabeko edariak ostalariek—okindegietan eta gozotegietan salbu—, baina hemendik aurrera eramateko jatekorik gabe ere eskuratu ahal izango dira alkoholik gabeko edariak tabernetan nahiz jatetxeetan.

Jaurlaritzak adierazi duenez "berariaz" debekatzen du Dekretuak alkoholdun edariak bide publikoan kontsumitzea; alkoholik gabeko edarien kasuan, berriz, ez du debekurik ezarri baina nabarmendu du ez dela "komeni" edari horiek bide publikoan kontsumitzea. Bestalde, Jaurlaritzak gogorarazi du jan-edana eramateko zerbitzua ezingo dela eskaini 21:00etatik aurrera. 

Honako lotura honetan irakur daitezke Eusko Jaurlaritzak 38/2020 Dekretuaren dokumentuaren harira eguneratu dituen zenbait galderen erantzunak.