Osakidetzari hobekuntzak eskatzeko manifestazioa egingo dute jubilatuek astelehenean

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 14a, 10:25

Jubilatuek anbulatorio aurrean egindako protesta baten irudia.

Jubilatu eta pentsiodunen plataformaren esanetan, "egoera jasanezinean daude Osakidetzako lehen arreta eta ospitaleetako zerbitzuak, batez ere bertako profesionalen lan baldintzei dagokienez". Horregatik, bat egin dute Osakidetzako langileen aldarrikapenekin, eta beren babesa eskainiko diete hilaren 16an.

Zumaiako jubilatuen eta pentsiodunen plataformak manifestazioa antolatu du datorren astelehenerako, azaroaren 16rako. Mugimendu horren esanetan, "jakina da osasun publikoak egiturazko arazoak dituela, eta horiek areagotu egin dituela COVID-19ak". Osakidetzari dagokionez, "lehen arreta eta ospitaleetako zerbitzuak egoera jasanezinean daude, bertako profesionalen lan baldintzei dagokienez batik bat", plataformaren ustetan.

Horregatik egingo du manifestazioa 12:00etan, Saregileen plazatik abiatu eta anbulatorio aurreraino. "Osasun zerbitzuen erabiltzaile garen heinean, bat egiten dugu Osakidetzako langileek aspaldidanik aldarrikatzen dituzten  hobekuntzekin".