Harrera protokoloa osatzeko prozesua abiatu du udalak

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 12a, 14:02
Maider Alberdik eta Karmele Gomezek eman dituzte protokoloaren xehetasunak. (Maria Maya Manterola)

Zumaiara bizitzera heltzen diren pertsona guztiak hartuko dituzte aintzat protokoloa idazterako orduan. Zirriborroa egin dute; eragileen eta herritarren ekarpenekin osatuko dute orain. 

Zumaiara bizitzera heltzen den pertsona orok harrera integrala jasotzeko harrera protokoloa osatzeko prozesua abiatu du udalak. Maider Alberdi zinegotziak eta Karmele Gomez Berdintasun eta Gazteria teknikariak eman dituzte prozesuaren gaineko xehetasunak: beren esanetan, harrera "egituratu eta hobetzeko" helburua du, beharrei erantzuna ematekoa, eta baita lan hori egiten duten eragileak balioan jartzekoa ere. 

Harrera "herritar guztiek" egiten dutela aipatu du Alberdik. Protokoloan subjektu horiek identifikatu dituzte: udala eta administrazioak, batetik; gizarte eragileak eta norbanakoak, bestetik; eta, azkenik, hezkuntza komunitatea. Azken horretan egiten baitute "integraziorako bide garrantzitsua" Zumaiara heltzen diren pertsona askok. Nabarmendu dute herrira bizitzera joaten diren guztiak hartuko dituztela aintzat protokoloaren pausoak definitzerako orduan, nahiz eta herritar horietako bakoitzak bere beharrak izan. 

Gainontzeko herrietako protokoloak behatu ondoren idatzi dute zirriborroa. Eragileekin batera egingo dute horren gaineko lanketa; jatorri eta kultura ezberdinak aldarrikatzen dituzten eragileekin –Errefuxiatuen Harrera Taldea eta Malen Etxea, esaterako–, gizarte eragileekin –Caritas eta Emakumeon* Etxea– eta hezkuntza komunitatearekin. Ekarpen horiekin zirriborroa osatu, eta herritarrei zuzendutako informazio saioak antolatuko dituzte urte amaieran. Saio horietan kultura eta kirol elkarteak parte hartzera gonbidatuko dituzte, horiek ere beren ekarpena egiteko aukera izan dezaten.

2021ean martxan
Gomezen arabera, datorren urterako martxan izango da protokoloa. Nolanahi ere, araudi dinamikoa izango da, eta beraz, tartean behin berrikusteko saioak antolatuko dituzte. Alberdik azaldu du udaleko sail bakoitzak zehatz-mehatz egin dezakeena jasoko duela protokoloak, baita eragileek egin dezaketena ere. Herritarrek prozesua jarraitu ahal izango dute Zumaiako Udalaren partaidetza atalean. Alberdik iragarri du urtean bitan ongi etorri saioak antolatuko dituztela, besteak beste.