Zortzi positibo detektatu ditu Osasun Sailak Zumaian

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 11a, 14:00

Beste zortzi kasu atzeman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zumaian egindako probetan. Bezperan baino hiru kasu gehiago dira. Eskualdean nabarmen egin du behera positiboen kopuruak, eta Hego Euskal Herrian ere jaitsi egin da. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman berri dituen datuen arabera, beste zortzi kasu izan ziren atzo Zumaian. Bezperan baino hiru kasu gehiago dira; azken zazpi egunetan 36 kasu zenbatu dituzte Zumaian. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetan izandako kasu positibo metatuen tasa jaisten ari da. Ez hain aspaldi 2.000tik hurbil egon zen Zumaian, baina gaur emandako datuen arabera 1.190,84an dago. Hala ere, gorriz margotuta jarraitzen du herriak. 

Eskualdeari dagokionez, 53 kasu zenbatu zituzten eskualde mailan, bezperan baino 31 gutxiago. Zarautzen, Azkoitian eta Azpeitian behera egin du positibo eman duten pertsonen kopuruak. Herenegun hogeitik gora positibo detektatu zituzten hiru egun horietan; atzo, berriz, 11na kasu izan ziren Zarautzen eta Azpeitian, eta hamar Azkoitian. Azken herri honek du kasu metatuen tasa handiena –Errezilen ondoren–, 1.248,75ekin. 

Orion, berriz, gora egin du positiboen kopuruak: lau kasu izan zituzten herenegun eta zazpi atzo. Zestoan, berriz, lau kasu izan zituzten atzo –bezperan baino bat gutxiago– eta Getarian bi –astelehenean baino bat gehiago–. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zen atzo positiborik egon.

Hego Euskal Herrian beherantz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beherantz egin du positibo eman dutenen kopuruak. Egindako PCR eta antigenoen 17.890 probatan 1.401 positibo atzeman zituzten; egindako proben %7,8k eman du positibo. Bezperan 1.529 positibo zenbatu zituzten hiru lurraldetan. Bizkaian detektatu dituzte orain positibo gehien, 676; Gipuzkoan 569 kasu atzeman zituzten atzo, eta 142 Araban. Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren beste hamalau lagunek ere positibo eman zuten egindako probetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du ospitaleratutakoen datua berritu; bai, ordea, ZIUn daudenea. Datu hauen arabera, 133 lagun zeuden atzo hiru lurralde hauetako ospitaletako ZIUtan. 

Nafarroako Gobernuak ez du datu ofizialik eman, baina atzo beste 242 kasu izan zirela aurreratu du. Beste hiru lurraldetan ez bezala, datuek gora egin dute Nafarroan, 217tik 242ra, hain zuzen ere.