'Korosagasti' filma emango da ostegunean Aita Marin

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 11a, 15:30

Korosagasti filma emango da bihar Aita Mari zinean. Asier Sustaetak zuzendutako lan hau 19:00etan emango da. Sarrerak hiru euroan egongo dira salgai aretoko leihatila bertan. Sustaeta bera egongo da Aita Marin filma aurkezten.

Erabaki produkzioak taldeak ekoiztutako lana da Korosagasti. Auzolanean gauzatutakoa, Urola bailara osoko hainbat norbanako eta taldeen laguntzaz.

Sinopsia

1926ko azaroa. Beizamako Korosagasti baserrian, Bibiana ama eta Maria ahizpa bortizki erailda topatuko ditu Jazinta Odriozolak Tolosako lana utzi eta etxera bueltatzen den egunean bertan. Marroquín epaileak Korosagasti baserriko lanetan laguntzen ibiltzen diren gizonekiko egingo du lehen susmoa, eta haiek bezalaxe, inguruetako biztanle asko sartuko ditu preso Azpeitiko espetxean, tartean Itsasondoko Lizardi baserrikoak eta baita Jazinta Odriozola bera ere. XX. mende hasierako euskal gizarte itxi eta mesfidatienarekin egingo du ordea epaileak topo, eta hilabeteak iraungo duen prozesuaren ostean, inoiz argituko ez diren hilketen zerrenda luzera pasatuko dira Beizamako hilketak ere.