Joar Garate bigarren izan da VII. Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 10a, 13:00

Gazteen mailan izan da bigarren zumaiarra, Ane Pirata bertso sortarekin. Hernandorena Kultur Elkarteak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak antolatu du Pello Mari Otaño lehiaketa, zazpigarrenez.

Aurten ere Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa izan dute martxan Hernandorena Kultur Elkarteak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak, zazpigarren urtez jarraian. Erabakita daude aurtengo irabazleak, eta gazteen mailan, Aner Peritzek irabazi du lehenengo saria. Minaren ederra bertso sortarekin nagusitu da zarauztarra. Joar Garatek jarraitu dio atzetik; Ane Pirata izenpean sortutako bertsoekin lortu du bigarren saria.

Zizurkilen egitekoa zen Pello Mari Otaño lehiaketako sari banaketa, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, COVID-19a dela eta, bertan behera uztea erabaki dute. Dena den, parte-hartzaileek bideoz grabatuko dituzte haiek idatzitako sortak, eta Harituzek nahiz Tolosaldeko hedabideek abenduko aurreneko astean emango dituzte argitara.

Helduen mailan, Oihana Arana eta Ekaitz Goikoetxea saritu dituzte. Gaztetxoen mailan, aldiz, Beñat Mateos eta Mara Albistur izan dira nagusi.