tokikom sariak

Gaur bukatuko da Komunitatearen Saria sailean botoa emateko epea

Baleike 2020ko aza. 8a, 10:39

Bosgarren urtez jarraian, Tokikom Sariak banatuko dituzte toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lana aldarrikatzeko eta gizarteratzeko asmoz. Baleike finalisten artean da, Erlo Telebistarekin elkarlanean egindako Marea errotaren inguruko dokumentalarekin.

Osasun egoera asko baldintzatzen ari da komunikabideen jarduna, baita sari hauen antolaketa ere. Tokikomek egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, egoera berrira moldatu eta haren helburuari ahalik eta ondoen eutsi ahal izateko. Aurtengo edizioan, Urola Komunikazio Taldeko (UKT) hiru lan hautatu dituzte finalista izateko: Baleikek eta Erlo Telebistak elkarlanean egindako Marea errotaren inguruko dokumentala Eduki Onena atalerako, KARKARAk Najat Kaanacheri egindako elkarrizketa Eduki Onena atalerako eta Maxixatzenen maiatzeko aldizkaria, Azalik Onena atalerako.

Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute. Horiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

Komunitatearen Saria

Berrikuntza gisa, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren boto gehien jasotzen dituen lanak eskuratuko du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsa emateko asmoz. Boza eman daiteke Tokikom plataformaren webgunean. Edukirik gustukoena aukeratzeko epea bihar amaituko da.

Tokikometik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. Hala azaldu du Tokikomeko komunikazio arduradun Joxe Rojasek: "Alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin".

Ezohiko sari banaketa

Tokikom Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalean, aurreko edizioko lan irabazlearen herrian izaten da ekitaldia, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta. Sari banaketaren inguruko xehetasunak egun gutxi barru jakinaraziko dira.