Inbertsio publikoa eta laguntza sozialak aldarrikatu dituzte hainbat zumaiarrek

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 7a, 13:32
Saregileen plaza hartu dute elkarretaratzera joan direnek. (Amaia Urbieta Arruti)

Krisia "betikoen bizkar" utzi izana salatu dute gaur Zumaian Sortuk deitutako elkarretaratzearekin bat egin dutenek. Besteak beste, deia egin dute pandemiaren aurretik ere bazeuden borroketara eta sortzen ari diren berrietara batzeko.

Non dago diru publikoa? Lehenik herria! goiburu hartuta, dozenaka herritar elkartu dira Saregileen plazan gaur eguerdian.  Zumaiako Sortuk deitutako elkarretaratzean azpimarratu dute garbi geratu dela agintariek ez dutela "nahikoa inbertsiorik egin osasungintzan eta hezkuntzan", eta ardura denona izanagatik, batzuena besteena baino gehiago dela. Salatu dute gobernua azpiegitura handietan "xahutzen" ari dela dirua, eta inbertsio publikoa eta laguntza sozialak eskatu dituzte. 

Bestalde, deia luzatu diete herritarrei pandemiaren aurretik ere baziren borroketara eta sortzen ari diren berrietara batzeko. "Kulturaren aldeko borrokak, pentsio duinen aldeko borrokak... hauspotu ditzagun!", adierazi dute.