Udalak bonu programa jarriko du martxan bigarrenez, ostalaritza eta merkataritza sektorea suspertzeko

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 6a, 16:51

Herriko establezimendu bakoitzak —dendak, tabernak, jatetxeak...— bonu kopuru mugatu bat jasoko du, eta osasun neurriek uzten duten heinean, horiek erabiltzeko aukera izango da. Komertzio txikiaren aldeko apustua egiteko eskatu die Udalak herritarrei, "orain inoiz baino gehiago".

Datozen asteetan, 'Gabonetako ErrotaHerria' programan parte hartzeko aukera izango dute Zumaiako merkatari eta ostalariek. Udalak 34.000 euro bideratu ditu programa horretara, eta egitasmoari esker, establezimenduek bezeroei15 euroko erosketa edo kontsumoagatik 5 euroko deskontua egiteko aukera izango dute.

Udalak azpimarratu du "malgua" izango dela bonuak erabiltzeko denbora tartea, osasun krisiak eragindako egoera aldakorragatik. Hala, eskaera egiten duen establezimendu bakoitzak bonu kopuru bat jasoko du, egoerak ahalbidetzen duen tarteetan erabili ahal izateko.

Bihar, larunbatarekin, indarrean sartuko da tabernak eta jatetxeak itxita egoteko agindua, eta sektore horretako negozioek, berriro irekitzeko aukera dutenean erabili ahal izango dituzte txartelak. Jakiak etxera eramateko zerbitzua martxan duten tabernen eta jatetxeen kasuan, bonuak orain erabiltzeko aukera izango da. Denda eta komertzioetan, berriz, izen ematea amaitu bezain pronto jarriko da martxan programa. 

Udalak azaldu duenez, "herriko komertzio eta ostalaritzan inpaktu positiboa eragitea, eta erosketak herrian bertan egiteko ohitura sustatu eta erraztea" dira egitasmoaren helburu nagusiak. Horrez gain, herritarrei "komertzio txikiaren aldeko apustua" egitea eskatu diete, "orain inoiz baino gehiago".

'Gabonetako ErrotaHerria' egitasmoaren oinarriak irakurtzeko eta izen emate orria deskargatzeko, egin klik hemen