Osasun Sailak beste bost kasu zenbatu ditu Zumaian

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 6a, 14:30

Zumaiak du eskualdeko intzidentzia tasa altuena, baina baheketa selektiboaz geroztik, behera egin du zenbatutako kasu kopuruak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan proba egin zuten % 8,5ek eman zuten atzo positibo.

Datu kezkagarriak eman ditu beste egun batez Osasun Sailak. Intzidentzia tasari erreparatuz, Zumaiak ditu eskualdeko daturik okerrenak: 1.689,57, hain zuzen ere. Hala ere, nabarmentzekoa da baheketa selektiboa egin zutenetik egunez egun jaistera egin duela atzemandako kasu kopuruak, eta beraz, apurka bada ere, jaisten ari da intzidentzia tasa. Atzo bost kasu zenbatu zituzten Zumaian. 

Eskualdean, Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehienak; guztira, 21. Aste honetan nabarmen hazi da herri horretako positiboen kopurua: astelehenaz geroztik, 75. Ondorioz, intzidentzia tasak nabarmen egin du gora Azkoitian, eta 1.500ekoa izatera heltzear da.

Okerrera egin du egoerak Zarautzen ere. Hilaren 2an gainditu zuen 100.000 biztanleko 500 positiboren langa, eta ordutik, asko hazi da positibo kopurua. Atzo 12 kasu zenbatu zituzten Zarautzen, eta 738,17koa da orain intzidentzia tasa.

Azpeitian ere igo egin da azken egunotan zenbatutako kasu kopurua. Atzo 14 kasu atzeman zituzten herri horretan, herenegun baino lau gehiago. Urriaren 29tik apaltzera egin du intzidentzia tasak Azpeitian, baina altua da oraindik ere: 1.368,32, hain zuzen ere.

Orion beste sei kasu hauteman dituzte, eta semaforo gorria piztu da dagoeneko herri horretan. Azken zazpi egunetan 29 kasu detektatu dituzte Orioko PCR probetan.

Aian, Aizarnazabalen, Errezilen eta Zestoan positibo bana zenbatu dute azken orduetan. Bi kasu izan dira, berriz, Getarian. Beraz, Beizaman ez ezik, beste herri guztietan atzeman dituzte kasuak. 

Hego Euskal Herrian, 1.892 kasu
Gipuzkoan 663 positibo izan ziren atzo, 690 Bizkaian, eta 175 Araban. Guztira, 14.937 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 1.277k eman zuten positibo –positibotasun tasa % 8,5ekoa da–. Erietxeetako egoerak nabarmen egin du okerrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: atzo 74 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 463 dira ospitaleetan daudenak. Horietatik 111 lagun daude ZIUn. 

Nafarroako datuak ere eman ditu hango gobernuak. Herenegun 4.482 proba egin zituzten, eta horietatik 345 kasu zenbatu dituzte. Astelehenetik nabarmen moteldu da positiboen hazkundea, eta 400 kasutik behera zenbatu dituzte bi egunetan.