Larunbatean Zumaian mobilizatzera deitu du GKSk, "askatasun politiko eta zibilen defentsan"

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 5a, 10:21
GKSren elkarretaratzea Azpeitian, aurreko asteburuan. (Urola Erdiko GKS)

Gazte Koordinadora Sozialistako kideek salatu dute "normalizatzen" ari direla "masa zabalen pobretzea eta eskubide zibilak eta politikoak urratzen" dituzten neurrien ezarpena. "Askatasun politiko eta zibilen defentsan", mobilizazioei ekin zieten aurreko asteburuan, eta Zumaian ere elkarretaratzea antolatu dute larunbat honetarako, 18:30ean Odieta frontoian. Horren aurretik, Urola Kostako GKS aurkeztuko dute Torreberri gaztetxean: "gazte kriminalizazioa eta kontrol neurriak" nahiz GKSren jarduna izango dituzte hizpide.

Gazte Koordinadora Sozialistak aurreko astean jarri zuen martxan Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! salaketa kanpaina. Alarma egoera eta neurri berriak indarrean sartuta, GKSko kideek salatu dute "normalizatzen" ari direla "masa zabalen pobretzea eta eskubide zibilak eta politikoak urratzen" dituzten neurrien ezarpena, eta halako esku-hartzeekin, "datozen urteetarako gizarte ereduaren oinarriak" zeintzuk izango diren "definitzen" ari direla "oligarkia finantzarioak, politikari profesionalak zein enpresaburu handiak": "Pobrezia orokortua, eskubideen zein askatasunen indargabetzea, eredu soziokultural alienantea eta polizia-estatua".

"Geratzeko etorri den eredu sozial totalitarioaren aurrean", GKSk nabarmendu du "oinarrizko eskubide batzuk ezin direla inoiz ezabatu eta absolutuak direla", eta "horien gabezian", "biztanleriaren gehiengoa babesgabe geratzen dela boterearen dena delako interferentzia arbitrarioen aurrean". Azaldu du aldaketa horiek guztiak "kapitalismoaren fase aldaketaren baitan ulertu" behar direla; "krisi kapitalistak" ireki duen "ziklo produktibo berriaren" baitan. Horrek "proletarizazio-prozesua bultzatu" duela gaitzetsi dute GKSko kideek, nabarmenduz "pobrezia orokortuari burgesiaren ikuspegitik ondoen egokitzen zaion eredu soziala askatasun ezean oinarritzen den eredua" dela. "Oraingo arauak pobrezia, arbitrariotasuna eta kontrol soziala dira", diote.

Horren aurrean, "bi irizpide orokor lehenestearen" alde agertu dira GKSko kideak: "pertsonen osasuna" batetik, eta "jendartearen oinarrizko eskubide zein beharrizanak" bestetik. "Oligarkiak ez ditu ez bata ez bestea beteko", diote.

Elkarretaratzea eta aurkezpena Zumaian, larunbatean

Larunbat honetarako, azaroak 7, Euskal Herriko hainbat herritan antolatu ditu mobilizazioak GKSk. Zumaian ere mobilizatzera dei egin du Urola Kostako GKSk: elkarretaratzea izango da 18:30ean, Odieta frontoian. "Askatasun politiko eta zibilen defentsan" eta "burgesiak ezarritako eredu totalitarioaren aurrean", larunbateko protestara bertaratzeko gonbita luzatu dute GKSko kideek.

Egun berdinean egingo dute Urola Kostako GKSren aurkezpena Zumaian, kontzentrazioaren aurretik. Hain zuzen, 17:00etan jarri dute hitzordua Torreberri gaztetxean: "gazte kriminalizazioa eta kontrol neurriak" izango dituzte aztergai, eta GKSren jardunaren berri ere emango dute kideek.

Izatez, arratsalde osoko egitaraua prestatu zuten larunbaterako GKSko kideek, baina hainbat egokitzapen izan dira: bertan behera geratu da Igitaia taldearen kontzertua, eta bi ordu lehenago egingo dute aurkezpen hitzaldia (izatez, 19:00etan egitekoa zen).